Urtarrilaren 30eko greba orokorra

Buruntzaldeko ikasle eta gazte mugimenduko eragile anitzek ere bat egin dute greba orokorrarekin

Urtarrilaren 30eko lan, pentsio eta bizi duinen aldeko greba orokorra eremu anitzetako eragile eta norbanakoen babesa biltzen ari da. Zerrenda luze horretara batu da baita Buruntzaldeko ikasle eta gazte mugimendua. Osteguneko grebarekin bat egin dute, "gazteon aldarrikapenak Greba Orokorreko aldarrikapenekin batera zabaltzeko asmoarekin". Atxikimendua adierazi dutenen artean dira baita Usurbilgo zenbait eragile. Hernanin agerraldia egin berri dute. Hemen plazaratu duten adierazpena osorik:

BURUNTZALDEAKO GAZTE ETA IKASLEOK GREBARA!
Buruntzaldean gazte eta ikasle mugimenduan ekiten dugun eragile ugari bildu gara, urtarrilaren 30ean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu duen lan, bizi eta pentsio duinen aldeko Greba Orokorrari batzen garela adierazteko. Horrekin batera, gazteon aldarrikapenak Greba Orokorreko aldarrikapenekin batera zabaltzeko asmoarekin.

Azken urteetan, krisiaren aitzakian aplikatu diren politika neoliberal guztiek bereziki kolpatu gaituzte gazteak. Langile belaunaldi berrien bizi baldintzak eta eskubideak ezarri dituzte erasoaldiaren jo puntuan enpresariek, patronalek eta horien alde egin duten instituzioek, horrela iraganean borrokarekin eskuratu ziren lorpenak ezabatu eta gure esplotaziotik are gehiago aberasteko. Prekarietate gordinaren adibideak nonahi aurki ditzazkegu. Langile eta herri sektoreen bizitzen prekarizazio prozesu orokorraren baitan gazteok ez baikara kasu isolatu bat: gutxieneko pentsioa bermatuta ez daukaten nagusiak, soldata arrakala eta zaintza lanen aitortza eza lehen pertsonan pairatzen dugun emakumeak*, kalitatezkoa ez den eta sumisiora lotzen gaituzten hezkuntza sistemen menpeko ikasleak... bakoitzak modu espezifikoan bizi arren, guztiak prekarizazio prozesu beraren ertzak dira.

Hezkuntzatik hasi dute erasoaldi hori, murrizketak eginez, LOMCE eta Heziberri erreformak inposatuz... Gure ikasketa prozesua osatzeko balio beharko luketen praktikaldiak aprobetxatzen dituzte maiz enpresariek doako lana eskuratzeko eta bide batez, horrekin diru laguntzak jasotzeko. Lan bat eskuratzea lortzen badugu berriz, prekarietate gordinenari egin behar diogu aurre, sektore guztietan zabaldu duten azpikontratazioaren, aldi baterako lanen edota autonomo faltsuen kontratuen ondorioz. Geure kabuz bizi ahal izateko aukera ere ukatzen digute, espekulazioaren baitan ordainezinak diren etxebizitzen prezio eta alokairuak ezarriz. Alde guztietatik, lan esplotazio horretan oinarritzen den aisialdi eredu merkantilista inposatzen digute, gure osasuna pozoitzera ere iritsiz, besteak beste, langile auzoetan neurrigabe ugaritzen ari diren apustu-etxeak irekiz. Horren aurrean gazteak esaneko eta isilik nahi gaituzte. Baina argi utzi dugu ez garela makurtuko. Indartsu atera gara kalera mugimendu feministan, eraso sexisten aurka, egiturazkoa den indarkeria matxistaren benetako erantzuleak diren botere judizial, ekonomiko eta instituzionalak seinalatuz.

Mugimendu zabala eratu dugu ingurumenaren defentsan, planeta hondamendira daramaten multinazionalen eta Euskal Herrian aurrera eraman nahi diren proiektu txikitzaileen aurka. Ez dugu onartuko gure borrokak sistema honen aldeko politikari eta enpresariek euren propagandarako erabil ditzaten, gero ezer ez aldatzeko. Benetako eraldaketa sozialaren aldekoa da gure borroka, duintasunez lan, bizi eta ikasi nahi dugulako.

Euskal Herrian, gazteok sistema kapitalista heteropatriarkalak inposatu nahi duen eredu prekarioaren eta zapalkuntza ororen aurrean antolatzeko eta borrokatzeko grina eta borondatea erakutsi dugu. Eremu ezberdinetatik, egunero gure bizi baldintzak erasotuz eta ahotsa kendu nahi digutenei aurre egiteko alternatibak sortzen. Buruntzaldeako gazteok ofentsibara salto egingo dugu Urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean. Gazte zein herri mugimenduko ehunka eragileren sinergiak sortu eta gazte orori greba orokorrean lehen lerroan parte hartzeko deia luzatzen diegu, pentsiodunekin, mugimendu feministarekin eta orokorrean langile klasearekin indarrak batuz.

Halaber, gazteon presentzia eta aldarrikapenak ozen oihukatzeko dei egiten dizuegu urtarrilaren 30ean, 19:00etan Hernanin Eskubide Sozialen Kartak deituriko Buruntzaldeako mobilizazioaren baitan egongo den Gazte Blokean (18:30etan Tilosetan, Hernani) parte hartzera.

Buruntzaldean, urtarrilak 30, greba orokorra!
Lan-bizi-pentsio duinak!

Sinatzaileak:
Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanblada
Kafe Tertulia Usurbilgo eragile feminista
Usurbilgo Txozna Batzordea
Udarregiko Ikasle Talde Feminista
Agiñako Guztiak
Andoaingo Gaztetxea
Andoaingo Asanblada Feminista
Sorgin Jaiak
Elebeltz gune autogestionatua
Oriarteko Ikasle Asanblada
Kanika aisialdi taldea
Hernaniko Bilgune Feminista
Ernai Gazte Antolakundea