MATRIKULAZIO GARAIA

Mariaje Imaz: “Hitz-Ahok sekulako lana egin du urteotan”

Matrikulazio garaia iritsi da ikastetxeetara. Mariaje Imaz Udarregi ikastolako zuzendaria da eta matrikulazio garaiari buruzko xehetasunak eskaini dizkigu. 

NOAUA! Zerbitzuetan ere erreparatzen dute gurasoek. Ikastolatik aparte bizi diren ikasleek autobusez hurbiltzeko aukera dute, ezta?

Mariaje Imaz, Udarregi ikastolako zuzendaria: Ikasleak oinez etortzea bultzatzen dugu baina jakitun gara herriko gune batzuk ikastolatik aparte samar daudela. Ikasle horiek autobus zerbitzuaz baliatzeko aukera dute. Santuenera, Aginagara, Zubietara eta Lasarte-Oriaraino iristen da.

Jangela zerbitzua ere eskaintzen dugu. Bertako produktuak sukaldatzen ditugu eta  herriko hornitzaileekin egiten dugu lan. Herriko eta eskualdeko ekoizleen produktuak kontsumitzen ditugu. Elikadura osasuntsuaren eta arduratsuaren alde egiten dugu: produktu ekologikoei lehentasuna emanez, garaian garaikoa kontsumituz.

 

Zaintza zerbitzuaz ere baliatzeko aukera dute.

Goizean goiz lanera joan behar duten gurasoek lehenago ekar ditzakete umeak, 8:00etatik 9:00etara. Eta ekainean eta irailean, arratsaldeko 16:30ak arteko zerbitzuaz baliatu daitezke.

Aisialdiaren arloan ere ahalegin berezia egiten ari gara. Iaz arte, eskolatik aparteko jarduerak kirolarekin lotuta zeuden gehien bat. Aisialdiaren beste kontzepzio bati helduz, Zirimara egitasmoa jarri dugu martxan. NOAUA!, Usurbilgo Udala, eta Kirol Patronatuarekin elkarlanean. Ikasleak beste kontestu eta beste balore batzuen inguruan heztea du xede Zirimarak. Gaitasun ezberdinak lantzeko aukera dute Zirimaran, herrian diren espazio libreak eta naturak eskaintzen dizkigun elementuak gehiago baliatuz. Familia-planak ere antolatzen dira. 

Beka sistema ere aipatu nahi nuke. Sistema propioa dugu Udarregi ikastolan. Diru-poltsa bat jartzen dugu horretarako propio. Jarritako baremoaren baldintzak betetzen dituzten familiek bekaz baliatzeko aukera dute. Bonifikazioa %100ekoa da.

 

Zer nolakoa da gurasoekiko harremana?

Garai batean, ikastolaren hastapenetan, gurasoen partehartzea oso bizia zen. Orduantxe sortu zen Guraso Eskola. Denbora luzez funtzionatu zuen baina errelebo faltarengatik zailtasunak azaltzen hasi ziren. 2006. urtean beste saiakera bat egiten hasi ginen, gurasoen inplikazioa oso beharrezkoa baita. Horrela sortu zen Hitz-Aho Guraso Elkartea. Eta garai bateko Guraso Eskolak bezalaxe, Hitz-Ahok ere sekulako lana egin du urteotan. Ikastolako hezkuntza proiektuari loturiko egitasmoetan partehartzen eta familiek bizi dituzten hezkuntza-behar horiei erantzuten. Tailerrak eta hitzaldiak antolatzen dituzte eta oso baliagarriak dira gurasoentzat.

Horretaz gain, saiatzen gara etengabeko harremanean egoten gurasoekin. Ikasleek etapa bakoitzean egiten ari diren lanketen berri emateko, bilera pedagogikoak egiten ditugu eta horietara guraso asko animatzen dira.

Orain ere, datozen lau urteotarako plan estrategikoa osatzen ari gara Artezkaritza eta Zuzendaritza taldearen artean. Familiei beren espektatibak, desirak eta iritziak eskatu zaizkie eta jasotako ekarpen esanguratsuenak kontuan hartuko dira, datozen lau urteetarako lantzen ari garen Planaren elaborazioan.