Euskaldiaren bigarren edizioak baditu jada Usurbilgo zenbait entitate

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 28a, 17:36

2018 urte bukaeran, hizkuntza-ohituren aldaketan, pauso garrantzitsuak eman ziren Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimenaren baitan. Aurtengo bigarren edizioan, urrats berriak emango dituzte, eta norbanakoek ez ezik, entitateek ere neurriak hartuko dituzte hizkuntza-praktika berriak bultzatzeko. Usurbilen jada 13 entitatek hartu dute konpromisoa euskaraldiarekin: Santueneko Gure Elkartea tabernak, Santueneko Zaharren Egoitzak, Usurbilgo Lanbide Eskolak, Kabienek, Orbeldi dantza taldeak, Fagor Automationek, Saizar Sagardotegiak, Usurbil Kirol Elkarteak, Usurbil Futbol Taldeak, Aitzaga tabernak, Natalik, Amenabar farmaziak eta Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatibak.

Mota guztietako entitateek har dezakete parte: erakunde publikoek, gizarte eragileek, enpresek, kooperatibek, kultur eta kirol taldeek, etab.; tokian tokikoek, eskualde mailakoek, lurralde batekoek zein Euskal Herri osokoek.

Parte hartu nahi duten entitateek edo informazio gehiago eskuratu nahi dutenek Usurbilgo Euskaraldia batzordearekin jarri behar dute harremanetan usurbil@euskaraldia.eus helbidean edo 943 37 19 99 zenbakira deituz.

Lehen edizioan egin moduan, belarriprestei eta ahobiziei proposatuko die, 15 egunetan, euren egunerokoan egin dezaten ariketa; baina horrez gain, euskaraz mintzatzeko gai diren hiztun-taldeak identifikatu beharko dituzte entitateek: ARIGUNEAK. Horrela, taldean ere hizkuntza-ohiturak euskararen mesedetan aldatzeko ariketa egin ahal izango dute.

 

Aurkezle-sarea osatzen

Aurkezle-sarea osatzen ari da Euskaraldia batzordea, entitateei Euskaraldiko funtzionamendua azaltzeko. Norberak erabakiko du zein entitateri aurkeztu nahi dion: lan egiten duen enpresari, irakasle edo guraso diren ikastetxeari, bazkide diren elkarteari, kafea hartzen duten tabernari, erosketak egiten dituzten dendari, afiliatua dauden sindikatu edo alderdi politikoari…

Aurkezle-sarean izena ematen dutenek laguntza eta materiala jasoko dituzte aurkezpenak egiteko, eta beharrezkoa izanez gero, formazioa ere bai. Izena emateko usurbil@euskaraldia.eus helbidera mezua bidali edo 943 37 19 99 zenbakira deitu beharko da.