Dakizuenez, udazkenaz geroztik hilero azken ostegunetarako finkatzen da udalbatzaren osoko bilkura. Urtarrilekoa, lan, pentsio eta bizi duinen aldeko hilaren 30eko greba orokorrarekin egokitu da. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako 24 orduko lan uztea tarteko, egunbete aurreratu dute hilabete honi dagokion udalbatzarra; hilaren 30ean izan ordez, 29an egingo da, asteazkenarekin. Ohiko ordu eta tokian; arratsaldeko 18:00etan, Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan.
Egun aldaketa dela eta, ezohiko izaera izango du osoko bilkurak eta biharamunean izango den greba orokorra ere ahotan hartuko duten gaien artean izango da. Grebari lotutako EHBilduren mozioa aurkeztu eta bozkatuko du udalbatzak. Osteguneko deialdia babestu, udal ordezkariei greba egiteko erraztasunak eskaini eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren aldarrikapenekin bat egitea proposatuko du mozioak. Gai honekin batera, Zumarte Musika Eskolaren Kale Nagusiko Villa Pilar eraikinaren birgaitze eta handitze lanak ere ahotan hartuko dituzte.
Hemen duzue Usurbilgo Udalak, hilaren 29ko ezohiko udalbatzarrera begira NOAUA!ri helarazi dion gai zerrenda osoa:
EZOHIKO UDALBATZARRA
Eguna: urtarrilak 29, asteazkena.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Gai zerrenda:
1.- Aurreko bilkuretako akten onespena:
* 2019/11/28ko bilkura akta.
* 2019/12/19ko bilkurako akta.
2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2019ko abenduaren 16tik 2020ko urtarrilaren 17ra (2019/1062-2020/0028).
3.- 2019 Aurrekontua betetzeari buruzko finantza eta aurrekontu informazioaren berri ematea.
4.- JANP jaunaren aurkako zigor espedientea, bere zakurrarekin eman diren gertakizunengatik.
5.- Zumarte Musika Eskola birgaitu eta handitzeko obretan jasandako kalte-galerengatik Construcciones Moyua, SL enpresari kalte-ordainak eskatzea.
6.- Zumarte Musika Eskola birgaitu eta handitzeko sinatutako obra-kontratutik eratorritako aldeak itun bidez konpontzeko hitzarmen transakzionala onartzea.
7.- Mozioa: Lan- pentsio- bizitza duina. Urtarrilak 30 greba orokorra.
8.- Galdera-eskaerak.