Urtarrilaren 30eko greba orokorra

Eragile anitzen babesa jaso du biharko greba orokorrak

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 29a, 09:00

Gogoan izan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak biltzen duen euskal gehiengo sindikalak eta eremu ezberdinetako eragile anitzek (mugimendu feministak, ekologistak, pentsiodunenak...) deitu dute lan, pentsio eta bizi duinen aldeko osteguneko greba orokorra. Babes zabala jasotzen ari da deialdia. Usurbili eta Buruntzaldeari dagokionez, bi adibide: aipatu eragile guztiotako herri ordezkaritzez gain, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak edota ikasle zein gazte mugimenduetako eskualdeko eragile anitzek bihar greba egiteko luzatu duten gonbita.

GREBA OROKORRAREKIN BAT EGITEN DUGU BIZITZA DUINAREN ALDE
Ohar honekin jakinarazi nahi dugu Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ere bat egiten dugula urtarrilaren 30erako Hego Euskal Herrian deituta dagoen greba orokorraren deialdiarekin.

Gure ustez oso argia da egoera. Erraustegiak eta gainerako azpiegitura erraldoiak egiteko milioiak eta milioiak xahutzeko inolako lotsarik ez duten agintari politiko horiek esaten digute ez dagoela dirurik herritarren bizitza duinagoa egiten duten neurri sozialetarako, besteren artean, pentsioetarako. Esaten digute klima aldaketaren aurka daudela, baina bitartean azpiegitura kutsatzaileak eraikitzen jarraitzen dute. Esaten dute ekonomia zirkularraren alde daudela, baina bitartean hondakinak erretzea inposatzen digute. Esaten dute herritarron interesak defendatzen dituztela, baina bitartean Gipuzkoako udalerriak behartu dituzte 35 urtetarako zorpetzera, hondakinen kudeaketa pribatizatu eta multinazional bati urtean eman beharko diogun dirua lehentasunezkoa izatea. Esaten dute herritarron bizitza defendatzen dutela, baina argi ikusi da hori ez dela horrela protesta baketsuei eraso egiten dieten bitartean, edo ez dezagun ahaztu, ustelkeria zantzu izugarriak dituen operazio hau itxi zutenean, angulak jatera joan ziren Markel Olano eta enparauak, diru publikoarekin bankako handi-mandiak gonbidatuz eta hau jakin zenean harropuzkeriaz “ongi egina” erantzuteraino.

Oso gordina da egoera herritarrontzat eta oso lotsagabea da Gipuzkoan (eta Hego Euskal Herrian oro har) agintean dauden alderdien jokabidea. Horregatik, eta arrazoi gehiagogatik, bat egiten dugu greba orokorrarekin eta herritar oro animatu nahi dugu gauza bera egitera.

Herritarrak animatu nahi ditugu greba batzordeetan parte hartzera, egun horretan greba egitera eta U30ean, Donostian egingo den Gipuzkoa mailako manifestaziora deitzen dugu. Han izango gara bizitzaren aldeko eta erraustegiaren aurkako gure aldarriekin, gaiak erabat loturik ikusten baititugu.

Ustelak lurpera, bizitza da handiena.
Erraustegiaren Aurkako Mugimendua


BURUNTZALDEAKO GAZTE ETA IKASLEOK GREBARA!
Buruntzaldean gazte eta ikasle mugimenduan ekiten dugun eragile ugari bildu gara, urtarrilaren 30ean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu duen lan, bizi eta pentsio duinen aldeko Greba Orokorrari batzen garela adierazteko. Horrekin batera, gazteon aldarrikapenak Greba Orokorreko aldarrikapenekin batera zabaltzeko asmoarekin.

Azken urteetan, krisiaren aitzakian aplikatu diren politika neoliberal guztiek bereziki kolpatu gaituzte gazteak. Langile belaunaldi berrien bizi baldintzak eta eskubideak ezarri dituzte erasoaldiaren jo puntuan enpresariek, patronalek eta horien alde egin duten instituzioek, horrela iraganean borrokarekin eskuratu ziren lorpenak ezabatu eta gure esplotaziotik are gehiago aberasteko. Prekarietate gordinaren adibideak nonahi aurki ditzazkegu. Langile eta herri sektoreen bizitzen prekarizazio prozesu orokorraren baitan gazteok ez baikara kasu isolatu bat: gutxieneko pentsioa bermatuta ez daukaten nagusiak, soldata arrakala eta zaintza lanen aitortza eza lehen pertsonan pairatzen dugun emakumeak*, kalitatezkoa ez den eta sumisiora lotzen gaituzten hezkuntza sistemen menpeko ikasleak... bakoitzak modu espezifikoan bizi arren, guztiak prekarizazio prozesu beraren ertzak dira.

Hezkuntzatik hasi dute erasoaldi hori, murrizketak eginez, LOMCE eta Heziberri erreformak inposatuz... Gure ikasketa prozesua osatzeko balio beharko luketen praktikaldiak aprobetxatzen dituzte maiz enpresariek doako lana eskuratzeko eta bide batez, horrekin diru laguntzak jasotzeko. Lan bat eskuratzea lortzen badugu berriz, prekarietate gordinenari egin behar diogu aurre, sektore guztietan zabaldu duten azpikontratazioaren, aldi baterako lanen edota autonomo faltsuen kontratuen ondorioz. Geure kabuz bizi ahal izateko aukera ere ukatzen digute, espekulazioaren baitan ordainezinak diren etxebizitzen prezio eta alokairuak ezarriz. Alde guztietatik, lan esplotazio horretan oinarritzen den aisialdi eredu merkantilista inposatzen digute, gure osasuna pozoitzera ere iritsiz, besteak beste, langile auzoetan neurrigabe ugaritzen ari diren apustu-etxeak irekiz. Horren aurrean gazteak esaneko eta isilik nahi gaituzte. Baina argi utzi dugu ez garela makurtuko. Indartsu atera gara kalera mugimendu feministan, eraso sexisten aurka, egiturazkoa den indarkeria matxistaren benetako erantzuleak diren botere judizial, ekonomiko eta instituzionalak seinalatuz.

Mugimendu zabala eratu dugu ingurumenaren defentsan, planeta hondamendira daramaten multinazionalen eta Euskal Herrian aurrera eraman nahi diren proiektu txikitzaileen aurka. Ez dugu onartuko gure borrokak sistema honen aldeko politikari eta enpresariek euren propagandarako erabil ditzaten, gero ezer ez aldatzeko. Benetako eraldaketa sozialaren aldekoa da gure borroka, duintasunez lan, bizi eta ikasi nahi dugulako.

Euskal Herrian, gazteok sistema kapitalista heteropatriarkalak inposatu nahi duen eredu prekarioaren eta zapalkuntza ororen aurrean antolatzeko eta borrokatzeko grina eta borondatea erakutsi dugu. Eremu ezberdinetatik, egunero gure bizi baldintzak erasotuz eta ahotsa kendu nahi digutenei aurre egiteko alternatibak sortzen. Buruntzaldeako gazteok ofentsibara salto egingo dugu Urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean. Gazte zein herri mugimenduko ehunka eragileren sinergiak sortu eta gazte orori greba orokorrean lehen lerroan parte hartzeko deia luzatzen diegu, pentsiodunekin, mugimendu feministarekin eta orokorrean langile klasearekin indarrak batuz.

Halaber, gazteon presentzia eta aldarrikapenak ozen oihukatzeko dei egiten dizuegu urtarrilaren 30ean, 19:00etan Hernanin Eskubide Sozialen Kartak deituriko Buruntzaldeako mobilizazioaren baitan egongo den Gazte Blokean (18:30etan Tilosetan, Hernani) parte hartzera.

Buruntzaldean, urtarrilak 30, greba orokorra!
Lan-bizi-pentsio duinak!

Sinatzaileak:
Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanblada
Kafe Tertulia Usurbilgo eragile feminista
Usurbilgo Txozna Batzordea
Udarregiko Ikasle Talde Feminista
Agiñako Guztiak
Andoaingo Gaztetxea
Andoaingo Asanblada Feminista
Sorgin Jaiak
Elebeltz gune autogestionatua
Oriarteko Ikasle Asanblada
Kanika aisialdi taldea
Hernaniko Bilgune Feminista
Ernai Gazte Antolakundea