Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak biltzen duen euskal gehiengo sindikala eta eremu anitzetako eragileek (mugimendu feministak, ekologistak, pentsiodunenak...) lan, pentsio eta bizi duinen alde ostegunerako (urtarrilak 30) deitu duen greba orokorrarekin bat egin dute Usurbilgo Udaleko udalbatzaren osoko bilkuran.
EHBilduk aurkezturiko atxikimendu mozioa onartu dute asteazken arratsalde honetan ospatu den ezohiko osoko bilkuran. Udal gobernu taldeko kideek soilik babestu dute mozioa; EAJ eta PSE aurka agertu dira. Albiste honetan beherago duzue mozioaren edukia bere osotasunean.
Oposizioa, Madrilekin adostearen alde
Mozioko edukiei dagokienez, zenbait punturekiko desadostasuna agertu du EAJ-k. Grebarekiko aurkakotasuna adierazi eta Madrilera begira direla adierazi dute jeltzaleek. EAJ-k gizarte ongizateko politikako eskumenak euskal erakundeetara eskualdatzea ezinbestekotzat jo du eremu honetan, greba egun honetan plazaratuko diren hainbat aldarriri erantzuteko; esate baterako Gizarte Segurantzaren eskumenei lotutako eskualdaketak nabarmendu ditu EAJ-k. PSOE eta Unidas Podemosen Espainiako Gobernu berriarekin adostasunera heltzeko apustua egin du, hartara, 40 urte bete dituen Gernikako Estatutua beteko litzatekeela iradokita.
EAJ-k bidegabetzat jo du Udalak greba egitea. Desados agertu dira, greba ez egitea erabakitzen dutenen eskubideak babestea eskatzearekin batera.
Udal gobernu taldetik gogorarazi zaie, asanblada bidez erabaki dutela udal langileek greba egitea. EAJ-k adierazi duenaren inguruan zioten, zergatik ez diren 40 urteetan transferitu aipatu eskumenak eta larritzat jo dute udal gobernu taldetik, Madrilen esku uzten jarraitzea "gure lan eta pentsioen inguruko" auzia. Lan, pentsio eta bizi duinen inguruan Euskal Herriak duen burujabetza falta gogorarazi du.
PSEk ere mozioaren aurka bozkatu du. Gogorarazi duenez, "gobernu hau (Espainiakoaz ari zen) oso berria da, duela hilabete osatu zuten" adierazi du Patxi Suarez zinegotziak. Adierazi duenez, "gobernu aurrerakoi batekin, puntu sozial asko lortuko ditugu". Horregatik irizten zion, biharkoa, ez dela greba orokor bat deitzeko une aproposena. Halere, "ados ez nagoen arren, errespetatzen dut greba eskubidea" adierazi du.
Udal gobernu taldetik erantzun die, ezkerreko alderdi batentzat guztiz uztargarria dela gobernuan egon eta greba egitea. Eta PSE-k esandakoaren haritik, grebaren aldarriak betearaziak izateko desioa agertu du alkateak, "beste greba bat egin beharrik ez izateko".