2019-23 Legealdiko Plana aurkeztuko du udal gobernu taldeak 18:30etan Sutegin

Abian den legealdiko erronka nagusiak biltzen dituen dokumentua aurkeztuko du jendaurrean udal gobernu taldeak, "herritarrek horren jarraipena egin ahal izan dezaten euskarriak ezagutarazteaz gain". Hitzordua, ostiral honetan (urtarrilak 31) 18:30etan Sutegiko erakustaretoan.

Legealdiko erronka nagusiak aurkezteko prest da Usurbilgo udal-gobernu taldea. 2019-23 urtera arteko Legealdiko Plana diseinatzen aritu dira udazkenean zehar, udal ordezkari politikoak, udal teknikari eta langileak. Aztiker ikerguneak bideratu dituen saioetan, "EHBilduren hauteskunde programako neurriak izan dituzte oinarri Legealdiko Plana osatzeko, baina horiek ez ezik, lehendik martxan dauden proiektuek ere jarraipena izango dute legealdi berrian", aurreratu du udal gobernu taldeak. Emaitza, urtarrilaren 31n jendaurrean aurkeztuko dute, arratsaldeko 18:30etan Sutegiko erakusketa aretoan.

Urritik abendurako lan prozesuaren nondik norakoak eman dituzte ezagutzera. "Lehen-lehenik, galdetegi bat bidali zieten udaleko langile, teknikari eta ordezkari politiko guztiei: denen ekarpenak kontuan hartuta egin zuen lehenengo zirriborroa Aztikerrek. Gero, langileen arteko lan-saioan, zirriborroaren inguruko ekarpenak jaso zituzten, eta behin betiko dokumentua osatu", zehaztu dute.

Dokumentua aurkeztuko dute, hurrengo lau urteotan noiz zer egingo duten. Eta horrekin batera, "herritarrek horren jarraipena egin ahal izan dezaten euskarriak" emango dituzte ezagutzera. 

Digitalizaziorako bidean
Kanpora, herrira begirako egitasmoak eta udal barrukoak ere jasotzen ditu Legealdiko Planak. Tartean, erronka nagusitzat jotzen dutena bideratzea; administrazio elektronikorako trantsizioa gauzatzea. Horretarako udala bera berrantolatzen hasiak dira. "Hainbat aldaketa eragingo ditu udaletxeko espazioari, artxiboari eta herritarren harrera zerbitzuari dagokienez". 

Egunotan Udalak berak ezagutzera eman duen moduan, jada harrera berregituratu dute, herritarren arreta zerbitzua hobetu asmoz. Langileen eta herritarren arteko distantzia txikiagotu, harrera zerbitzu zuzenagoa, pertsonalagoa, diskretuagoa bideratu eta herritarren datu babesa bermatzeko aulkiak eta mahaiak jarri dituzte.

Digitalizaziorako trantsizioa egiteko legealdi osoa baliatu asmo dute, lan egiteko moduak eta ohiturak aldatu beharko baitituzte, beti helburu argi batekin; herritarrei zerbitzu hobeago eta eraginkorragoa eskaintzea.