Usurbilgo Txosna Batzordeak gaur aurkeztuko du hautatu duen izen berria

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 31a, 10:22

Ostiral arratsalde honetan (urtarrilak 31) 18:00etan Mikel Laboa plazan, jaietako txosnagunean aurkeztuko dute honenbestez, urte amaieran abiarazi zuen parte hartze prozesutik hautatu duten izena.

Izen bila aritu da Usurbilgo Txosna Batzordea eta aurkitu du, abendu amaieratik abian izan duen parte hartze prozesuari esker. Gogoan izan, duela hilabete sare sozialen bidez berri eman zuten moduan, "txosna batzordeak ikur berri baten beharra zuela erabaki genuen", eta horretarako laguntza eskatu zuten. Prozesu parte hartzaile bat abiarazi zuten; ekarpenak biltzeko Aitzagan, Txiribogan, Txirristran eta Zendoian kaxak jarri zituzten. Urtarrilaren 10era arte herritarrek izen bat proposatzeko aukera izan zuten.

Usurbilgo Txosna Batzordeak izena hautatzeko urte amaieran abiarazitako prozesua azken fasean egon da azken asteotan. Aipatu bilgunearentzat izenak proposatzeko abendu bukaeran herriko zenbait tabernetan jarritako kaxetan ekarpenak egiteko aukera izan zen aipatu moduan. Hortik lau hautatu eta Twitterren duten @usurbilgotxosna kontuan, gustukoena aukeratu zitekeen. Hemen lehian izan diren izenak eta bakoitza jasotzen ari den babesa: Zertzeta (%3,4), Ziztada (%31), Goiztiri (%6,9), Xauxar (%58,6).

Lau izenotako bat izango da honenbestez, Usurbilgo Txosna Batzordeak hautatu eta ostiral arratsalde honetan (urtarrilak 31) 18:00etan Mikel Laboa plazan aurkeztuko duena, jaietako txosnagunean hain zuzen.