31. Argia Sariak banatu dituzte Atxega Jauregian

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 1a, 10:12

Atxega Jauregian saritutako taldea. Argazkiaren egilea: ARGIA.

Euskarazko kazetaritza eta komunikazioaren sariak banatu dituzte ostiral honetan Atxega Jauregian; mendeurrena bete duen Argiaren 31. edizioko sariak. Irratian, prentsan, ikus-entzunezkoetan edota sarean nagusitu diren proiektuak nabarmendu dituzte, kanpaina onenari eta merezimenduzko saria banatzearekin batera. 

Arrosa irratien sareko kide Azkoitiko Kontrako Eztarrixe herri irratiko "Hankak lurrin" saioak jaso du irratiko Argia Saria. "Euskaraz umorea egiten duten saioak ez dira asko. Eta horietatik rara avis dira umore kabroia egiten dutenak. Hau da, politikoki zuzenaren mugak aintzat hartzen dituztenak, baina haiekin jolasteko, gainditzeko ala zuzenean bortxatzeko. Eta horri gehitzen badiogu, herri mailako irrati batean egiten dela, eskualdeko bi euskalki uztartuz, AHTa baino azkarrago hitz egiten eta hitanoz… artefaktua are bereziagoa da", Argiaren esanetan.

Prentsako saria, Berria egunkariko igandeetako azalek irabazi dute. "Zer edo zer gehiago ekartzen saiatzen dira, argazki bat oinarri batzuetan, kontzeptualagoak besteetan, bizpahiru segundoan harrapatzeko modukoak denak", sariketako arduradunen aburuz.

Ikus-entzunezko Argia Saria, “Ez, eskerrik asko. Gladysen Leihoa” dokumentalak jaso du. "Gaur sarituko dugun dokumentalak oroimena, justizia-nahia eta transmisioa ditu ardatz... Heriotza eta bizitza hura eredu gisa harturik, orduko mugimendu antinuklearraren eztabaidak eta erronkak gaur egunera ekarri ditu lan honek; testigantzak, dokumentuak eta irudiak elkarren artean ezin hobekiago josiz".

Interneteko Argia saria, "Egunean behin" aplikazio arrakastatsuak jaso du. "Eskerrak eman behar dizkizuegu. Eskerrik asko galdera existentzialez betetzeagatik 2019ko egunak... Galderak galdera, esker mila behin edo beste Einsteinen pare sentiarazteagatik eta… garrantzitsuena, mila mila esker, komunera joatea orain emaitza jakinik gabeko abentura bilakatzeagatik".

Kanpaina onenaren Argia Saria apustu etxe eta joko aretoen aurkako mugimenduek jaso dute. "Hainbat kolektibok, ordea, ez diote amuari kosk egin, eta herriz herri, auzoz auzo antolatuta, euren ezinegona kalera atera dute, Gasteizen, Azpeitian, Bilbon, Iruñean… Herritarrak sentsibilizatu nahi dituzte, eta administrazioa urratsak ematera behartu. Esaerak dioen bezala, “ez delako errenta”. 

Merezimenduzko Argia saria Gure Zirkuari eman diote. "Oinak lurrean, eta etxea gainean, Euskal Herriko txoko ugaritara heldu dira umorea, goxotasuna eta harritzeko gaitasuna hedatzen. Artista familia ibiltaria, aitzindaria dela esan dezakegu. Bi urte baino ez daramatza batera eta bestera, baina abenturak jarraitu behar duela diote".

31. ARGIA SARIAK
-Irratia: “Hankak lurrin” saioa (Xabier Arenaza, Iñaki Segurola eta Miel Rodriguez).
-Prentsa: Berria egunkariko igandeetako azalak (Jakes Goikoetxea eta Maixa Olanok jaso dute saria).
-Ikus-entzunezkoa: “Ez, eskerrik asko. Gladysen Leihoa” dokumentala (Bertha Gaztelumendi eta Sabino Ormazabal).
-Internet: “Egunean Behin” aplikazioa (CodeSyntax).
-Kanpaina: Apustu etxe eta joko aretoen aurkako mugimenduak (Gasteiz, Iruñea, Bilbo eta Azpeitiko eragileak).
-Merezimenduzkoa: Gure Zirkua (Iker Galartza, Unai Zabaleta eta Ane Mirenek jaso dute saria).