Xauxar du izena, Usurbilgo Txosna Batzordeak

Herri mailan bideratu duten parte hartze prozesuak bere emaitza izan du. Jarri diote izena Usurbilgo Txosna Batzordeari; Xauxar! Ostiral arratsaldean aurkeztu zuten jaietako txosnagune izan ohi den Mikel Laboa plazan.

"Zuek erabaki moduan, hemendik aurrera, Usurbilgo Txosna Batzordearen izena Xauxar izango da! Xauxar Txosna Batzordea bezala definituko gara hemendik aurrera", hala iragarri zuten aipatu bilguneko kideek ostiral arratsaldean Mikel Laboa plazan egindako aurkezpen ekitaldian. Kokalekua apropos aukeratu zuten noski; festetako txosnagunea hautatu zuten, jaietako antolatzaileon taldeak izango duen izen propioa aurkezteko. Aipatu animaliak irudikatzen duen logoa ere plazaratu dute.

Abendu amaieran abiarazitako hilabeteko prozesua borobildu dute modu honetan. Aitzagan, Txiribogan, Txirristran eta Zendoian izenak proposatzeko kaxa bana kokatu zuten lehenik, nahi zuenak izen bat proposa zezan. Urtarrila erdialdera, ekarpenotatik lau izen sare sozialetan zabaldu eta gustukoena hautatzeko aukera eskaini zuten. Argia zen, proposatu ziren izenen artean zein izan zen gustukoena. Hemen dituzue izenak eta bakoitzak jasotako babesa: Zertzeta (%3,4), Ziztada (%31), Goiztiri (%6,9), Xauxar (%58,6).

"Orain arteko bidea oso aberatsa izan da"
Herriak erabaki du; honenbestez, Xauxar izango da Usurbilgo Txosna Batzordeak aurrerantzean izango duen izena. "Zuen laguntza ezinbestekoa izan da urteetan zehar sortu dugun kolektibo honi izen bat ezartzeko! Beraz, eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi ", adieraziz hasi zuten Txosna Batzordeak hilaren 31ko aurkezpen ekitaldia. Asteotan indarrean izan duten prozesua ez dela ez abiapuntu ez ezeren amaiera adierazi zuten, "gazteok Santixabeletan izan dugun paperaren bilakaeraren beste pauso bat baizik. Modu batera edo bestera, denok parte hartu dugu herriko jaietan gazteentzako esparru bat sortzen eta mantentzen, auzolanez antolatutako jai herrikoietan gure beharrei erantzuteko eremuari forma emanez".

Prozesu honen guztiaren irudi bilduma bat erakutsi zuten; aurreko urteetako jaietan "gazte belaunaldi ezberdinek eginiko ekarpena eta bilakaera. "Aldaketen artean ikus daiteke adibidez, txosna gunearen kokagunearen aldaketa eta baita ere lanketa feminista". Kokagune aldaketak Txosna Batzordearen esanetan "gazteen festak eta izaera gaztea jaien erdigunean jartzea" ekarri du. Jai parekideen aldeko lanketa feministari dagokionez ziotenez, "asko ari gara lortzen nahiz eta oraindik egiteko lanketa handia izan". Argi dute, "orain arteko bidea oso aberatsa izan da".

Urteak joan eta gauzak aldatzen joan arren, "Txosna Batzordeak jaietako gazte izaera edo helburua beti bermatu du". Eta kolektiboan bilakatu dela nabarmentzen dute. Kolektiboari "izaera bat emateko beharra sentitu genuen". Bilguneari izen bat jartzekoa, "jendeak ulertu dezan beste ekimen batzuk daudela herrian eta Txosna Batzordea horietako bat dela". Erronka bete dute; Xauxar du izena Usurbilgo Txosna Batzordeak.

XAUXAR, SARE SOZIALETAN:
Facebook: Xauxar Txosna Batzordea
Twitter: @xauxarTB

10000000_1101696113516620_2808074149881831434_n.mp4