3 urte bete zituen Xuak urtarrilaren 19an. Urtebetetze gogorra, espetxealdiaren hiru laurdenak beteta, jada baldintzapean aske egon behar zuten bere guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangarengandik bereizi baitzuten. Espainiako legediak behartuta 3 urte bete zituenean, Xua Usurbila etorri zen amona Mari Karmen Anzarekin bizitzera. Gurasoek 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean segitzen dute preso.
"Espetxean mantentzea justifikaezina da", salatu zuten beste behin bart, hilero azken ostiraletan egin ohi duten moduan, Mikel Laboa plazan deitu zuten euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzean. Are gehiago orain, atzoko mobilizazioan iragarri zutenez, Olatz eta Patxi haurdun direla jakinda.
Legea aplikatzea aski, Xuarekin gurasoak ere etxeratzeko
Espetxez aldatuko dituztela jakin da berriki. Hedabideen bidez jakin ahal izan dutenez, "Xuak hiru urte betetzeko atarian, Aranjuezera lekualdatuko dituztela jakin genuen. Egun batzuk geroago, komunikabide "jakin" baten bidez ere, berez, Euskal Herritik gertu zegoen espetxe batera lekuz aldatzekoak zirela baina faktore berri bat medio, "egokiena" Aranjuezera eramatea zela. Faktore berri hori Olatz haurdun dagoela da. Eta orain dagoen Picassentekoa eta Aranjuezekoak direnez amen moduloak dituzten bakarrak, ba gertuena hautatu omen da. Gertuago bai, 80 kilometro gertuago", bart Mikel Laboa plazako elkarretaratzean salatu zutenez.
Xua gurasoengandik bereizi eta urrundu ez eta Olatz eta Patxi Xuarekin batera etxeratzeko gogorarazi zutenez, "Estatuak salbuespenezko espetxe-politika "malgutzeko" egiazko borondatea balu, ez luke ezer berezirik egin behar. Beren legea aplikatu, besterik ez. Olatz eta Patxi baldintzapeko askatasunean jarriz, familia-etenik ez legoke eta haur berria Euskal Herrian jaioko litzateke".
"Borrokan segitu beharko dugu"
Berriki, Bilboko eta Baionako Sareren manifestazio jendetsuen ondotik Lakuako Gobernuak presoak Euskal Herritik gertu diren espetxeetara hurbiltzeko Madrilgo Gobernuari plan bat proposatu izana positibotzat jotzen dute atzoko elkarretaratzeko deitzaileek, "urrunketaren amaiera exijitzen duen edozein jarrera ontzat hartzen dugulako. 33 urte igaro dira urrunketa eta salbuespen penitentziarioek presoen senide eta lagunen eskbuideak urratu eta beren bizitzak baldintzatzen dituztenetik".
Krudeltzat jotzen duten espetxe politika hau bertan behera uzteko urrats berriak "tamalez, tantaka eta interes politiko jakin batzuen arabera egiten" ari dira. Argi denez, "borrokan segitu beharko dugu" bart Mikel Laboa plazan bildutakoek ziotenez, "larriki gaixorik dauden presoak espetxean mantentzearekin, isolamenduarekin eta presoak erregimen gogorretan izateko graduen politikarekin amaitzeko". Xua eta gurasoen kasuan, Olatz eta Patxi Xuarekin etxean bueltan izateko.
Urtebetetze ospakizuna
Egoera bidegabe hau izanik ere, Xua Usurbilen izanik, "gure artean ahalik eta era goxoenean hartuko dugu" zioten. Merezitako urtebetetze ospakizuna antolatu zioten atzoko mobilizazioan jada Usurbilen bizi den haurrari. Zorionak zuri abestuz, tartako kandelak itzali ahal izan zituen, usurbildarren babes, maitasun eta txalo artean.
Amaitzeko ondoko talde argazkia atera zuten, Xuak 600 kilometrora dituen guraso Olatzi eta Patxiri helarazteko: