130 neurriko "Usurbiltzen" Legealdiko Programa aurkeztu du udal gobernu taldeak

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 1a, 12:53

Udazkenean zehar udal ordezkari politiko, langile eta teknikariek Aztikerrek koordinaturiko prozesuan landu duten hurrengo lau urteotarako Legealdiko Programa, "Usurbiltzen" izenekoa aurkeztu zien udal gobernu taldeak ostiral iluntzean Sutegiko erakustaretoan antolatu zuten ekitaldira joandako eragile anitzetako ordezkari eta herritarrei. 130 erronka aurkeztu zituzten. Horrekin batera, herritarrek egitasmo guztiok zertan diren ikusi ahal izateko tresna ere plazaratu du Udalak; usurbiltzen.eus atari berria.

Guztira 2019-23 urte arterako 130 proposamen biltzen ditu "Usurbiltzen" izeneko Legealdirako Programak. Helburu argi batekin; herria eraikitzen segitzea. Hortik, sortu nahi izan duten aditza; Legealdiko Programaren lelo nagusia: "Usurbiltzen". 

Legealdiko plangintzak lau ardatz izango ditu. Azken urteotakoak. Hurrengo egunetan xeheago aipatuko ditugun arren, hemen nagusiki udal gobernu taldeak datozen lau urteotan bete nahi dituzten erronkak. Informazio gehiago, gai honi lotutako usurbiltzen.eus atarian eta izen bereko aldizkarian jaso ahalko duzue. Udalak etxez etxe banatuko du eta udal eraikinetan eskuragarri jarriko dute.  

Tarteka, eguneratzen joan asmo dute aipatu ataria, proposatu dituzten 130 neurrietako bakoitzaren "egoera zein den bertan adieraziz. Neurriren bat ezin dela garatu baloratzen bada, bertan adieraziko da, zergatiak azalduz". 


2019-23 URTE ARTERAKO LEGEALDIKO PROGRAMAREN ARDATZ NAGUSIAK
Herri-nortasuna
Euskara, kultura, hezkuntza, aniztasuna, feminismoa, memoria eta herri/auzoei lotutako 43 neurri "herri-nortasunaren ikur" diren balio guztiok zaindu eta indartzeko. 

Hala, Parekidetasunaren eremuan, Emakumeen Etxea sortzea proposatzen dute Kalezarko Pelaioenea eraikinean, 2021-25 urte arterako Berdintasun Plana landu eta garatzea edota maskulinitate eredu berriak lantzea. Euskarari dagokionez, "usurbildar ele anitzez eta euskaraz biziko den herria sustatzea". Kulturan, "herritarren auto eraketa eta ahalduntzea bilatuko duen kultur eredua" sustatu nahi dute. Aniztasun kulturala aldarrikatzen dute. Kultura Aholku Batzordea berreskuratu edota sormena bultzatzeko politikak landu nahi dituzte. 

Horrekin batera, herri ondarea berreskuratu, zaindu eta balioan jarriko dute. Hezkuntzan, herri-hezkuntza proiektu euskaldun, ireki, parte-hartzaile, berritzaile, inklusiboa sustatu nahi dute. Hezkuntza Mahaia berreskuratzea aurreikusten dute, herriko ikastetxeen arteko hezkuntza-ekimen bateratuak bultzatzea. Aniztasunaren eremuan, diagnosia eta plana landu eta garatuko dute.

Memoria eta bizikidetzan, 1936tik gaur arte usurbildarrek pairatutako eskubide urraketen azterlana egin asmo dute, memoria historikoa lantzearekin batera. Herri eta auzoei dagokienez, "auzo guztien Usurbil eraiki nahi dugu". Auzo biziak nahi dituzte. Gune bakoitzeko beharrak identifikatu eta bizilagunekin batera proposamen ezberdinak landu nahi dituzte. 

Herri jasangarria
Multzo honetan 51 proposamen bildu dituzte. Hirigintza eredu jasangarri eta ez espekulatiboa sustatzeko honako hauek, besteak beste: hurrengo 10-15 urterako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra hasieraz onartzea, Aginagako plan berezia tramitatu eta Zubietakoaren planifikazioa, herri-bideen konponketa plangintza, Errioa Bizi! programaren garapena... 

Oinezkoak ardatz izango dituen mugikortasun eredua sustatu nahi dute. Bidegorrien plana gauzatu nahi dute, garraio publikoa sustatu... Trantsizio energetikoaren eremuan, klima aldaketari aurre egin eta "energia-eraginkortasunaren aldeko apustuan sakondu eta energia berriztagarriak bultzatu" nahi dituzte. Usurbil 0.0 hondakinen prebentzio eta kudeaketa programa garatu nahi dute. Uraren kudeaketari dagokionez, "gure baliabide propioak kudeatu. Herriko ur sistema eta azpiegiturak hobetzen jarraitu". Saneamenduko lanekin segi. 

Oria, Anerreka edota Andatza natur guneak babestu eta sustatuko dituzte. Bertako elikagai ekologikoen aldeko apustuan berresten dira, "nekazaritza eta abeltzaintza jarduera sustatuz" .

Ongizartea
"Gure herri-balioekin bat, tokiko garapen ekonomikoa sustatu" nahi dute. Beterri-Buruntzako mankomunitatea garatu, ekintzailetza eta kooperatibagintza sustatu, industriaguneak modernizatu, enplegu-plana garatu, sektore arteko sinergiak indartzeko lankidetza proiektuak gauzatu, herri merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko plana berritzea, turismo planaren lanketa... iragarri dituzte.

Pertsonen bizi-baldintza duinak bermatuko dituen gizarte politikak bultzatu nahi dituzte. Gizarte zerbitzuen inguruko gogoeta, gizarte bazterketari aurre egiteko esku-hartzeen indartzea... bideratu nahi dituzte. Zahartze aktiboa bultzatu nahi dute baita, bizi-baldintza duinak bermatuta. Hala, kolektibo honentzat tutoretzapeko etxebizitzen proiektua abiatu nahi dute, Matia eta Aldundiarekin lantzen ari diren hitbarmen soziala gauzatzea (Eguneko Zentroa, Kalezarko auzune berria, zaintza sarea...).

Herritarren premiei erantzungo dien etxebizitza-politika garatu nahi dute. Horretarako hausnarketa prozesua abiarazi nahi dute, gazteen emantzipazio-politikak sustatu...

Adin tarte ezberdinei dagokienez, haur eta nerabeengana egokitu nahi dute herria: jolastokiak, eskola-bideak, biltzeko guneak... Gazteei dagokienez, "udal-jardunean ahots propioz aritzeko aukerak eman" nahi dizkiete (Gazte Kontseilua, Zirimararen zabaltzea...). 

Kirolaren eremuan, "jarduera fisikoaren eta kirolaren plan integrala garatu" nahi dute. Horretarako, mahai eragile bat, herri kirol diagnosia, azpiegituren hobekuntza...bultzatu asmo dute.

Udala herriaren zerbitzura
Parte-hartzean eta demokrazian sakonduko duen gobernantza eredua nahi dute Usurbilentzat. Auzoek ahots propioa izango dutena, udal politiketan genero-ikuspegia txertatzeko programa landu eta garatuko duena... 

Udal baliabideak eraginkortasunez kudeatu nahi dituzte, Udala berrantolatzearekin batera, "usurbildarrei kalitatezko zerbitzu publikoa eta eraginkorra eskaini" ahal izateko. Administrazio elektronikoaren norabidean aurrerapausoak emango dituzte. Kalitatezko enplegu publikoa sortuko dute...

Informazio gehiagorako: usurbiltzen.eus