Kantu jirez hornitutako Santa Ageda bezpera gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 4a, 10:12

Santa Ageda bezpera gaur. Makilak eskutan, kopla saioek girotuko dute otsailaren 4a. Ikastetxeek lehenik, eta iluntzean, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak.

Ikastetxeek emango diete hasiera ospakizun egun honi. Estreinakoz Zubietako Eskola goiz partean irtengo da abestera; bertako bertso eskolakoekin batera landutako ibilbidea osatu asmo dute. Bazkalostean, Aginagako Eskolaren txanda. Eskolatik herri gunean barrena ibili asmo dute, beti ere giro euritsua tarteko aurreikusitako asmoei eusten badiete.

Udarregi Ikastolakoak ere bazkalostean irtengo dira. DBH eta LH-koak kalejiran ibiliko dira lehenik. 16:00etan LH eta HH-koak frontoian elkartuko dira azken emanaldia eskaintzeko.

SANTA AGEDA BEZPERAKO OSPAKIZUNAK
Otsailak 4, asteartea
Kantu Taldea
19:00
Agate Deunaren bezperako kopla saioa herrian zehar.
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.

IKASTETXEAK
Zubietako Eskola

10:45 Santa Ageda eskean irtengo dira Zubietako Eskolatik.

Aginagako Eskola
14:30 Santa Ageda eskean irtengo dira Aginagako Eskolako kideak.

Udarregi Ikastola
15:00 DBHkoak kantuan irtengo dira. Ibilbidea: ikastolako plaza borobila, San Inazio kaleko atzealdeko plaza, Kale Nagusia (Zendoia parea), beheko farmazia, Artzabal eta ikastola.
15:00 LH-ko ikasleak kantuan irtengo dira.
16:00 HH-koak frontoira joango dira.
16:00 LH eta HH-koen kantu saioa frontoian.
Gurasoentzako oharra: haurrak frontoian hartu beharko dira.