Martxoaren 8ko ekimenak prestatzeko bigarren bilera irekia 19:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 4a, 09:25

Urtarrilaren 28an egin zuten lehen bilera irekiaren ondotik iragarri dute bigarrena astearte honetarako (otsailak 4) 19:00etan Potxoenean. "M8 egunero da" taldeak Emakumeen Egunerako ekimenak antolatzeko deitu du hitzordua.

Iazko greba egun historikoren ostean, "M8 egunero da" taldeak datorren Martxoaren 8a prestatzen hasteko lanak abiarazi ditu. Emakumeen Eguneko ekimenak lotzen segitzeko bigarren bilera irekia deitu du astearte honetarako (otsailak 4) 19:00etan Potxoenean. 

2019ko Martxoaren 8a historikoa izan zen Usurbilen. "Zorionak! Historia egiten ari gara!", zioen herriko mugimendu feministak egun hartan. Iaz, 24 orduko grebara deitu zituzten emakumeak. Mobilizazio eta ekimen historiko eta jendetsuak egin ziren herrian barrena. Ez zuen aurrekaririk eta aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Planto historikoa egin zuten Usurbilgo emakumeek. 

Datorren Martxoaren 8ra begirako ideiak biltzeko garaia da orain. Hemen astearterako deitu duten bilera irekiaren berri:

MARTXOAREN 8A PRESTATZEKO BILERA IREKIA
Eguna: otsailak 4, asteartea.
Ordua: 19:00.
Tokia: Potxoenea.
Zehaztasunak: Martxoaren 8ko ekimenak antolatzeko, ideiak biltzeko bilera irekia deitu du "M8 egunero da" taldeak.
Deitzailea: M8 egunero da.

31. Lilatoirako izen ematea zabalik
Emakumeen Egunaren bueltan ospatzen den Donostiako 31. Lilatoirako izen ematea zabalik da jada. Martxoaren 1ean ospatuko da aurten. 10:30etan abiatuko da Bulebarretik. Usurbilgo hamarnaka emakumeren parte hartzea sustatzen duen hitzordurako izena otsailaren 20a baino lehen bideratu beharko da lilaton.es atarian, 11 euroren truke.