Neguko ospakizun eta ikastaroak, otsaileko agendan

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 3a, 09:12

Urte garai honi dagokion moduan, hitzorduen aldetik hilabete lasaiagoa datorkigu, baina ez da ez kale giroa apalduko. Astearteko Santa Ageda bezperako kopla saioen ondotik, dantza batean datozkigun Inauterien asteburua ospatuko dugu otsailaren 21ean eta 22an. Horrez gain ate joka ditugu hainbat ikastaro ere, Usurbilgo Udalak kaleratu berri duen hilabete honetako kultur agendak gogorarazi digunez.

Usurbilgo Udalak plazaratu du jada otsaileko kultur agenda. Azala ate joka ditugun inauteriei ematea erabaki dute. Argazkia begiratzen baduzue, dantza batean datozkigu aurtengo ospakizunak. Zirimarako lagunek proposatu moduan, dantza izango da otsailaren 22an ospatuko dugun mozorro festarako gaia. Elkarlanean antolatu ditugu hilaren 21ean abiatuko diren ekitaldiak; NOAUA! K.E., Usurbilgo Udala, Orbeldi D.T., Usurbilgo Gaztelekua eta Aztarrika Gazte Asanbladaren artean. 

Mozorrotzeko proposatu den gaiaren antzera, bidean datozkigun inauteriak dantza batean ospatzeko egitaraua osatu dugu, kalejira, dantza saio eta kontzertuekin. 

Astearte honetan ospatuko dugun Santa Ageda bezperako kopla saioen ondotik etorriko dira inauteriak. Lehenik Zubietara otsailaren 15ean. Lasarte-Oriarekin senidetuko duten Euskal Inauteriak ospatuko dituzte zubietarrek. Ikastetxeak izango dira tradizio luzeko hitzordu hauei harrera egiten hurrengoak.

Lehenago aipatu moduan, Santa Ageda bezpera bihar, otsailak 4. Ikastetxeak koplak abestera irtengo dira kalejiran. Eguna Kantu Taldeak borobilduko du. Hilabete honetan bitan irtengo dira kantuan plazara; astearte honetan eta hilero moduan, otsaileko azken larunbatean. 

Jai kutsuko ekitaldiekin batera, estreinatu berri dugun urteko bigarren hilabete honetarako ikastaro ezberdinak ere iragarri dira. Tartean, Alkartasuna Kooperatibakoen Sagarrondotik Sagardora ikastaro praktikoa. Lehen hamabostaldi honetarako antolatu dituzte lehen bi saioak: "nola sortu landare osasuntsu bat" eta "sagastien neguko kimaketa eta ongarriketa".

Baratzea zaintzeari lotutako hitzaldi zikloa ere antolatu du otsailaren 11tik 13ra, Hazi Fundazioak.