Euskal abesti eta koplen jira gaurkoan, Kantu Taldekoen eskutik

Noaua Aldizkaria 2020ko otsailaren 4a

Ikastetxeen lekukoa hartu du Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Santa Ageda bezperako ospakizunak borobildu ditu.

Plazara atera eta kantuan aritzen ohituak daude. Gaurkoan ordea hitzordu berezia zuten: Santa Ageda bezperako jira. Baserritar jantziak soinean, makila eskuetan, lurra kolpatu eta herria girotzen aritu dira tabernaz taberna, Kaxkoan barrena.

Gogoan izan, astelehenero biltzen da Usurbilgo Euskal Kantu Taldea 18:00-19:00 artean Agerialdeko musika gelan. Gaurkoaren ostean, bigarren hitzordu bat izango dute otsaila honetan bertan: ohiko kantu-jira. Hilaren 29an 12:30etan Mikel Laboa plazatik abiatuko dena.