Aisialdiko begiraleak eta sukaldariak behar ditu UEMA-k datozen udaleku ibiltarietarako

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 5a, 08:44
Joan den urte amaieran Usurbilen eginiko urteko bilera nagusia bukatzean, UEMA kideek atera zuten talde argazkia.

Iaz Usurbilen hasi eta Arantzan amaitu zuten "Pauso eta salto" udaleku ibiltarien 2020ko ediziorako langileak behar ditu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA): aisialdiko begiraleak eta sukaldariak. Interesdunek otsailaren 14a baino lehen helarazi behar dituzte kurrikulumak.

Usurbil kide duen mankomunitatetik aditzera eman dutenez, datorren udarako antolatzen ari diren "Pauso eta salto" udaleku ibiltariak ekainaren 29an Zumaian abiatu eta uztailaren 5ean amaituko dira Lekeition. Hiru etapatan banatuko dute ibilbidea: Zumaiatik Itziarreko bidea osatuko dute ekainaren 29an. Gero Ondarrura joko dute eta handik Lekeitiora.

UEMA-k plazaratu duen lan deialdi honekiko interesa dutenek, 14-18 urte arteko gazteekin lan egin beharko dute. Aipatu moduan, aisialdiko begirale eta sukaldari bila dabiltza. Interesdunek otsailaren 14a (ostirala) baino lehen helarazi behar dute kurrikuluma hezkuntza@uema.eus helbidera.

Hemen xehetasunak:

2020KO PAUSO ETA SALTO UDALEKUAK

Ibilbidea: Zumaiatik Lekeitiora

  1. Etapa: Zumaia- Itziar (Ekainak 29)
  2. Etapa: Itziar- Ondarru ( Ekainak 30-Uztailak 2)
  3. Etapa:Ondarru-Lekeitio ( Uztailak 2- Uztailak 5 )

Ondorengo jakintzak baloratuko dira:

  • Begirale titulua izatea.
  • EGA edo bere baliokidea izatea.
  • Hezkuntzarekin zerikusia duten ikasketak izatea edo burutzen egotea.
  • Lan eskarmentua antzeko lanetan.
  • Euskararekiko sentsibilizazioa
  • Taldean lan egiteko erraztasuna.