Ikastetxeetan matrikulatzeko azken egunak

Otsailaren 7ra arte izango dute zabalik ikastetxeek, 2020-21 ikasturterako matrikulazio epea. Bestetik, Helduen Hezkuntza Iraunkorrean ere zabalik da izen emateko epea. Lanbide Eskolan ate irekien eguna antolatu dute otsailaren 12an. 

Ikastetxeetako ordezkariei eginiko elkarrizketak urtarrilaren 31ko 810. NOAUA! aldizkarian bildu genituen.

Udarregi Ikastola
Konpetentzietan oinarritutako hezkuntza integrala 0-16 urte artekoentzat, euskalduna, irakaskuntza eleanitza (ingelesa 4 urtetik eta frantsesa DBHn); ikastola inklusibo eta berritzailea (berrikuntza didaktiko, metodologiko eta teknologiko etengabeak); indarrean duten eskola jazarpenaren aurkako KiVa programa; autobus (Lasarte, Zubieta, Santuenea eta Aginagara), jangela (bertan sukaldatutako produktuekin) eta zaintza zerbitzuak (8:00-9:00 ikasturtean zehar. Iraila eta ekainean, 14:30-16:30); Zirimara aisialdi proiektua eta eskolaz kanpoko jarduerak (kirola, dantza, xakea, antzerkia, robotika); beka sistema propioa (kuoten %100 bonifikatua)... eta gehiago eskaintzen du Udarregi Ikastolak. 

Matrikulazioa bideratzeko aurrez Ikastolara deitu hitzordua zehazteko. Tramitaziorako honako dokumentazioa aurkeztu beharko da: udaleko bizikidetza-ziurtagiria, haurraren NAN tamainako argazkia, familia-liburua, gurasoen NAN, Gizarte Segurantzako txartela, kontu korronte baten zenbakia (IBAN eta BIC kodeak). 

Informazio gehiagorako:
943 361 216
udarregi.eus

Aginagako Eskola 
Txikitasunak ahalbidetzen dien ikasleekiko hartueman eta ezagutza sakona, ikasgeletako gaztetxoen adin nahasketatik sortzen den elkarren zaintza eta haien interesak abiapuntu dituzte proiektuen lanketa, ardatz guztiotan oinarritzen da matrikulazio epea zabalik duten Aginagako Eskolaren jarduna.

Goiz txokoa eskaintzen du guraso elkarteak 8:00-9:30 artean, eta eskolaz kanpoko ekintzak: psikomotrizitatea, pintura, artea. "Guretzat indargune handia da iaztik jangelako zerbitzuan ostatuak prestatutako elikagaiak jatea. Kalitatean, goxotasunean, denean izugarri irabazi dugu". Beka garraioak ditugu. Klaseen ordutegia honakoa da: 9:30-13:00, 14:30-16:15. 

Informazio gehiagorako:
Erriberako Kalea 7, 09:30-16:30 artean
Tlf: 943 372 044
Fax: 943 372 044
012261aa@hezkuntza.net
aginaga.eskolatxikiak.org

Zubietako Eskola
"Ez dugu testu liburuekin lan egiten, ikasleekin hitzartzen ditugu gaiak eta horiek konpententziak lantzen laguntzen digute. Edukia helburu ditugun konpetentziak lantzeko bitartekoa da. Une oro ikasleen interesetatik abiatzen gara", adierazi diote NOAUA!ri Zubietako Eskolatik.

Horrekin batera, aipatzekoa da Lehen Hezkuntza osoa eskaintzeko aukera eskuratu zutela duela urte gutxi, eta urtero ikasturte berri bat ari dira martxan jartzen. Aurten bosgarrena abiarazi dute estreinakoz, 2020-21ean lehen aldiz, LH osoa eskainiko dute seigarrena martxan jarrita. Halere argi dute, "eskola txikien sena bermatzen jarraitu behar dugu". Adin aniztasuna bermatu eta ingurune sozial zein naturalarekin harreman estua duen eskola txikia izaten segi nahi dute.

Informazio gehiagorako:
943 372 931
012219aa@hezkuntza.net edo zubieta@eskolatxikiak.org
www.zubieta.eskolatxikiak.org


Helduen Hezkuntza Iraunkorrean matrikulatzeko garaia
2020-21 ikasturterako matrikulazioa zabaldu du Usurbilgo Helduen Hezkuntza Iraunkorreko eskolak. Gogoan izan, DBH-ko titulua eskuratzeko aukera eskaintzen du 18 urtetik gorako herritarrei zuzenduriko doako hezkuntza eskaintzak. Horrekin batera, oinarrizko kultur formakuntza (hizkuntzak, kalkuloa, irakurketa, idazketa…), oinarrizko informatika, memoriaren lanketa, natur zientziak, geografia… Urtean zehar irteera didaktikoak antolatzen dituzte eta urte amaieran atzerrira bidaia. Informazio gehiagorako: 943 366 608 / info@epalasarte.eus

Lanbide Eskola
Lanbide Eskola barrutik ezagutzeko aukera izango da hurrengo astean. Ate irekien eguna antolatu dute otsailaren 12an 18:00etan. “Zatoz gu ezagutzera!” luzatu dute gonbita. Informazio gehiagorako: lhusurbil.eus