Adinekoen egoitzetako langileak, tartean Usurbilgoak, beste hilabetez greban

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 7a, 15:00

Beste hilabetez luzatu dute Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek jada 207 egunez egin duten greba. Lan hitzarmen duina, lan baldintza zein zerbitzu duina eskaini ahal izatea eskatzen ari diren grebalarien artean dira Usurbilgo zenbait langile ere.

Ostiral honetara arte, otsailaren 7ra arte iragarria zuten jada 207 egun bete dituen greba. Lan hitzarmen duin bat eskatzen dute, baina halakorik izateko negoziazioan aurrerapausorik eman ez dela ikusita, greba martxoaren 8ra arte, beste hilabetez luzatzea erabaki dute gaur, baldin eta lehenago akordiorik erdiesten ez badute behintzat. Horrekin batera, otsailaren 12a baino lehen egoera aldatzen ez bada, negoziazio mahaian esertzeari uko egingo dio ELA sindikatuak. Gainerako sindikatuei grebarekin bat egitera deitu dituzte.

"Eusko Jaurlaritzak ezartzen dituen eta praktikan greba-eskubiderik gabe uzten dituzten abusuzko gutxieneko zerbitzuen gainetik, kalean jarraituko dute", iragarri dute gaur agerraldi bidez.

Haien eskaerak, orain arteko berak, bete ez direnak izaten jarraitzen dute: "sektoreko langileen erdiek baino gehiagok pairatzen duten aldi baterako eta lanaldi partzialeko kontratazioa amaiarazi, 6.000 eurotik gorako soldata-arrakala gainditu, milaka erabiltzaileren asistentzia-kalitatea hobetu...".

Gogor kritikatu dute langileok Patronalaren jarrera, "sektoreko langileei, erabiltzaileei eta haien familiei adarra jotzen ari baitzaie, eta egoeratik etekina ateratzen saiatzen ari baita", ELAren esanetan. Adinekoen egoitzen ardura duen Gipuzkoako Foru Aldundiari galdetu diote, "enpresen jarduera estaltzen eta diru publikoarekin finantzatzen jarraituko ote duen".

Agerraldia egin dute gaur grebalariek. Aipatu sindikatuaren ondoko argazkian ikus dezakezue Aitziber Aranberri usurbildarra. Berriki NOAUA!n elkarrizketatu genuen:

__________________________________________________________________________________________
URTARRILAREN 29ko NOAUA!n ARGITARATUA
“Gizarte osoarentzako duintasunaren alde ari gara borrokan”
Urtarrilaren 30erako deitua dagoen greba orokorra, lan, bizi eta pentsio duinen aldekoa da. Hiru aldarri nagusiok zeharkatzen dituen sektoreetako bat oinarrizko eskubideen aldeko borrokan murgildua den Gipuzkoako zahar-egoitzetako erabiltzaile eta langileen egoera dugu.

17 hilabete, 200 greba egunetik gora bete dituzte, eta egoera zein den ikusita, “hau luze joango da, badakigu”, diote haientzat, erabiltzaile eta gizarte osoarentzat, lan eta bizi baldintza duinak exijitzen ari diren Gipuzkoako erresidentzietako beharginek. Sektore honetan dira lanean Usurbilgo hainbat lagun ere. Haietako birekin, Aitziber Aranberri eta Lourdes Arantzazistrokerekin batu zen NOAUA!, sindikatuak azkenekoz patronalarekin hilaren 23an bildu eta biharamunean.

“Ilea hartzen ari zaizkigu bai Patronala eta Foru Aldundia”, adierazi dio aldizkari honi Aranberrik. ELA sindikatuak deitutako greban parte hartzen ari diren langileen esanetan. Gipuzkoa mailako hitzarmena eta enpresa akordioa biak batera sinatzea, eta 2017-18 soldaten izozterik ez izatea eskatzen dute, negoziazioetan aurrerantz jotzeko. Ez dira gutxieneko baldintzok bete. Oraingoz, otsailaren 7ra arte greban segiko dute.

3 urte hitzarmenik gabe
2016an amaitzen zitzaien lan hitzarmena berritzeko garaian piztu zen gatazka. 2017an plataforma bat eratu eta ekarpenak biltzen aritu ziren. Langileen eskaintzaren aurrean “2017 osoan ez genuen erantzunik jaso eta 2018. urte erdialdera mobilizatzen hastea erabaki genuen”, azaldu digu Aranberrik. Lehenbizi mobilizazio solte batzuk antolatu zituzten eta Patronalaren aldetik erantzunik gabe jarraitzen zutenez, urte bereko irailean, gaurkoz amaitutzat eman ez duten “greba hastea erabaki genuen. Irailean egun bat, urrian 3, azaroan 5, abenduan astebete…”.

Tinko eusten diote oinarrizko eskubideen aldeko borrokari. “Ahal dugun guztietan kalean gaude”. Herriz herri plazaratu dituzte haien aldarriak. Joan den ostiralean ere Foru Aldundi atarian elkarretaratu ziren azkenekoz, baina greba egiteko jartzen dizkieten trabak agerikoak dira. “%50-60ko gutxieneko zerbitzuak finkatu zizkiguten hasieran, %70-80ra igo zituzten segituan, orain %80-90ean daude”, aipatu digute. Horrekin batera, errudun sentiarazi nahia ere azpimarratzen dute. “Sufritzen dutenak erabiltzaileak dira noski, bereziki dependentzia egoeran diren adineko erabiltzaileak. Baina gu borrokan ari gara gure lan baldintzen baina baita zerbitzuaren kalitatea hobetzearen alde”.

“Itxaron pixka bat”, lantokiko esaldi erabiliena
Sektorea pribatizatzeko joera argiaz ohartarazten digute. “Ez da batere justua eta bidezkoa zerbitzu publiko hau enpresa pribatuen kudeaketaren esku egon eta negozioan bilakatzea”. Horren aurrean, “errentagarria izan behar du gure sektore honek? Hori da gure galdera”, dio Lourdesek.

Erantzunak argia dirudi, zerbitzu publikoak errentagarria baino kalitatezkoa izan behar du. Baina langileon esanetan, ematen den “zerbitzuaren kalitatea ez da batere ona”. Eguneroko jardunean sumatzen dute; lanean aritzeko bost edo sei ordutegi ezberdin, gehiegizko lan kargak eta lanok egiteko denbora falta,… “Gure esaldi erabiliena itxaron pixka bat izan ohi da. Komunera adibidez ez doa bakoitzak nahi duenean, horretarako ordutegia finkatua dute”.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak udako oporraldi betean, uztailaren 31n ratioen berri ematen zuen dekretua plazaratu zuela kontatu digute, “zaharkituak daude, duela 20 urtekoak dira, hobetu ordez okertu egiten ditu”. Etorkizunean eraikiko dituzten zahar egoitzetarako hobekuntza arkitektonikoak iragartzen ditu. “Hori oso ondo dago, baina zertarako izango dituzte adinekoek hobekuntzok, gero haiei laguntzeko langilerik ez badute?”.

“Hau bizitzen ari gara emakumeak izan eta zaintza lanetan ari garelako”
Lan baldintza prekarioetan aurkitzen diren langile ia denak edo gehienak, emakumeak dira, eta noski, ez da kasualitatea. “Hau bizitzen ari gara emakumeak izan eta zaintza lanetan ari garelako. Orain arte musutruk egin izan da zaintza lana, ezkutuan, etxean, aitortza sozial eta ekonomikorik gabe. Sistema kapitalista honen oinarria izan gara. Lan merkatuan ere eskulan merkea izatea nahi dute, erabat prekarizatua izatea. Argi denez, sistema honetan bizitzari eta zaintzari ez zaio behar duen lekua ematen”


Horregatik diote, “aztertzen hasten bagara ze lan sektore dauden borrokan, gehienetan emakumeenak daude; garbiketa edota zaintza lanetan aritzen direnak”. Arrazoia argi dute, “era prekarizatuan ari garelako lanean eta emakumeak garelako”.

Langile prekarizatuak emakumeak dira eta zerbitzu prekarizatua jasotzen ari diren erabiltzaileak, pentsiodunak, hau ere ez da kasualitatea. “Adinekoek ere sistema honentzat ekoiztu beharrekoa ekoitzi dute. Orduan, erakundeek behar dena baino gehiago ez dute gastatu nahi haiekin. Nolabait, zahar etxeetan diren pertsonek zaintza eta bizimodu duina izatea ez dutela merezi esaten ari dira. Oso larria da”. Bizitza duina, gogorarazten dutenez, “denon eskubide unibertsala da, baina sistema honetan ez da hala ematen, sistema honek ekoizpena bakarrik baloratzen duelako, ez bizitza bera”.

Bizi duten gatazkak oraindik luze jo dezakeela uste dute, baina borrokan jarraituko dutela argi dute. “Eskatzen duguna oso justua da, gizarte osoarentzako duintasunaren alde ari gara borrokan”.