Martxoaren 8a prestatzeko bilera irekia
"M8 egunero da" taldea prestaketa lanetan murgildua dabil urtarrila amaieraz geroztik. Martxoaren 8ko ekimenak prestatzeko bi bilera ireki egin dituzte azken hamabostaldian. Astearte honetarako deitu dute hirugarren saioa, otsailaren 10ean 19:00etan Potxoenean.
Iazko greba egun historikoren ostean datoz prestaketa lanok. 2019ko Martxoaren 8a historikoa izan zen Usurbilen. "Zorionak! Historia egiten ari gara!", zioen herriko mugimendu feministak egun hartan. Iaz, 24 orduko grebara deitu zituzten emakumeak. Mobilizazio eta ekimen historiko eta jendetsuak egin ziren herrian barrena. Ez zuen aurrekaririk eta aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Planto historikoa egin zuten Usurbilgo emakumeek.
Usurbilgo Jai Batzordearen lehen bilera
Badatoz Usurbilgo jaiak! Urrun egon arren oraindik, prestaketa lanak bideratzen hastekoa da Jai Batzordea. Otsailaren 12rako finkatu du lehen bilera irekia. Usurbilgo jaiak noiz ospatu, egun bakoitzean zer eskaini, beharrezko baliabide eta aurrekontuak landu eta beste hainbat erabaki gehiago hartzen ditu Usurbilgo Jai Batzordeak. Hamarnaka norbanako eta eragile biltzen ditu urtero udal ordezkaritzarekin batera, herriko festak antolatzeko lanak bideratzen dituen elkarguneak.
2020ko edizioa prestatzen hastera doaz; lehen bilera irekia asteazken honetarako, otsailaren 12rako deitu dute, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Bilera irekia izango da aipatu moduan; datozen jaietan ekitaldiren bat antolatu edo prestaketa lanetan parte hartu nahi duen norbanako, talde, elkarte edo herri eragile orok du Jai Batzordean parte hartzeko aukera. Lehenbiziko saio honetan, festetarako proposamenak biltzen hasi nahi dute. Datozen hilabeteotan egingo dituzten bilera irekietan garatzen, zehazten joango dira ekarpen guztiok.
Festei lotutako erabaki guztiak bilgune honetan hartu ohi dituzte, eta aurten ere, bide beretik segiko dute.