Azken hilabeteotan zehar iragartzen joandako aldaketa astelehen gau honetan gauzatuko da. Astelehen gau honetan, hainbat telebista kanalek orain arteko frekuentzian ikusteari utziko diogu eta beharrezko aldaketak egin ez baditugu, ezingo ditugu ikusi bihartik, otsailaren 11tik aurrera.
Frekuentzia aldaketak ez du telebista kate berriak ikustea ahalbidetuko ezta zeudenak desagertzea ere. Baina antena kolektiboak egokituta izan beharko ditugu, doako telebista kate guztiak orain arte bezala ikusten segi ahal izateko. Espainiako Gobernuak egokitzapen honetarako diru-laguntzak iragarriak ditu. Egokitzapen honetatik kanpo geratuko dira, familia bakarreko etxebizitzak, kasuotan telebista kateak sintonizatzea aski izango dute. Eta antenak egokitu ostean, telebista kateak berriz sintonizatu beharko ditugu.
5G, azkarragoa
Lurreko Telebista Digitaleko kateak frekuentziaz aldatzea, Bigarren Dibidendu Digitala izenekoak eragin du. Datorren ekainaren 30erako 5G telekomunikazio berriari lekua egiteko bideratu behar dira egokitzapenok. Horretarako espektro erradioelektrikoko 700 MHz-ren banda askatu behar da.
5G teknologia berriak, konexio abiadura eta sareak duen erantzuteko gaitasuna azkartuko du. Usurbilen eta Gipuzkoako herri gehienetan eta Bizkaiko zein Nafarroako zenbait herrietan aldaketa gaur gauean bertan gauzatuko da; Nafarroako herri gehienetan otsailaren 16tik 17rako gauean, martxoaren 2tik 3rako gauean aldiz, Araban, Bizkaiko herri gehienetan eta Gipuzkoako udalerri jakinetan.