Zumarte handitu eta birgaitzeko lanak uztailean amaitzeko ituna adostu dute

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 10a, 16:55

Kale Nagusiko Villa Pilar eraikinaren birgaitze eta handitze lanei lotutako bi erabaki hartu zituen udalbatzak urtarrilaren 29ko osoko bilkuran. Batetik, obretan jasandako kalte-galerengatik Construcciones Moyua S.L. enpresari kalte ordainak ematea erabaki zuten. Horrekin batera, “obra-kontratutik eratorritako aldeak itun bidez konpontzeko hitzarmen transakzionala onartzea”. Gehiengo osoz onartu ziren bi proposamenak EHBilduren eta PSEren aldeko bozkekin. EAJ aurka agertu zen.

Bi erabakiok hartu beharrean aurkitu da udalbatza, abian den egitasmoa gauzatzeko bidean sortu diren gorabehera eta zailtasun nabarmenei aurre egiteko. Udal gobernu taldetik gai honek izan duen ibilbidea errepasatu zuten. 2018ko martxoan obra kontratua esleitzeko prozedura onartzen da eta urte bereko ekainean Moyua enpresari esleitzen zaio konplexutzat jotzen den proiektua. Iazko maiatzean obra kontratua aldatzea onartzen du udalbatzak, aurreikusi gabe zeuden obra unitate berriei aurre egiteko eta uztailean obrak bukatzeko epea luzatzea erabaki zuten.

Tarte horretan, Udalaren esanetan “eraikuntza-proiektuaren konplexutasunaren ondorioz-eraikin zahar bat birgaitzeko eta handitzeko esku-hartzea-, prozedurazko eta funtsezko gorabehera ugari gertatu dira kontratatutako obran zehar (kontratuaren aldaketak, prezio kontrajarriak ezartzea, epea luzatzea, eraikuntza-soluzioekiko alde teknikoak…)”.

Prezio kontrajarriak onartzeko prozesua tarteko, “lanak gauzatzean sortutako atzerapenek” gainkostuak eragin dizkiotela adierazten du Construccinoes Moyua enpresak urtarrilaren 10ean idatzi baten bidez eta kalte-ordainak eskatzen dizkio Usurbilgo Udalari. Udalak aipatu “enpresak ustez jasandako kalte-galeren kuantifikazioarekin” desados agertu eta aipatu enpresaren aurkako kalteak erreklamatzeko espedientea abiarazten du, “uste baita ez dituela bete kontratuzko betebeharrak lanak egiteko epeei dagokienez, eta obrak atzerapen handia izan duela eta kalte larriak eragin dizkiola Udalari”. Epeak ez betetzeagatik Moyuari “eragindako kalte larrien ordainetan 471.465,38 euro gehi dagokion BEZ-a kalte-ordain gisa erreklamatzea onartu zuen udalbatzak azken osoko bilkuran.

Negoziazioek epaitegietarako bidea itxi dute
Begi bistakoak dira bi aldeek euren artean izan dituzten desberdintasunak. “Ataka horretatik ateratzeko” bi aukera zeudela gogorarazten zuen alkateak aurreko asteko udalbatzarrean. Epaitegietara jotzea edo akordioaren bidea jorratzea. Bigarren aukera honen alde egin dute asteotan. “Aldeentzako ziurgabetasun juridiko eta ekonomiko handia eragiten duen eta Usurbilgo Udalak lehentasunez defendatu behar duen interes publikoaren aurkakoa den egoera honetan, bi aldeek elkarrizketak izan dituzte erreklamazioei eta haien arteko desberdintasunei amaiera emango dien akordio bat lortzeko”. Bi aldeen negoziazioekin hitzarmen transakzional bat adostera heldu dira.

Hitzarmen honetan bi aldeek zenbait konpromiso hartu dituzte. Udalak, kredituzko aurrekontuak egokitzea eta esleitutako preziotik %20ko gehikuntza ordaintzea enpresari. Moyuak adostua dagoen prezio itxi horretan egitea obra. “Udalari ez dio diru gehiago eskatuko obra unitate berriengatik”. Bestetik, Moyuak uztailaren 17rako amaitu  beharko ditu lanak. Bestela lanak atzeratzen diren egun bakoitzeko 10.000 euro ordaindu beharko ditu.

EAJ aurka
Udal gobernu taldea haserre agertu zen enpresa eraikitzailearekin. “Ez dira leihalak izan Usurbilgo herriarekin”. Ezin liteke jokatu nahieran administrazio publikoarekin, udal gobernu taldetik azken udalbatzarrean salatu zutenez.

Udalbatzan Zumarteri lotuta proposatu ziren bi erabakion aurka agertu zen EAJ. Gai honekiko kudeaketa txarra eta onartezina egotzi zioten udal gobernu taldeari, irakurri zuten oharraren bidez. Bi aldeek hitzartu zuten itunean enpresarentzako penalizazio gogorrak iragartzen direla eta lanen amaiera uztailerako ziurtzat jotzen dela baina “nolako ondorioekin?” galdetzen zuten EAJ-tik, obretako langileek lan-baldintzekiko kezka agertzearekin batera. Langileon “lan baldintzak ez dira garrantzitsuak?” galdetzen zuten. Baldintzokiko errespetua eskatu zuen. ”Kudeaketa eredua gaitzesten du EAJ-k”, esanez kontra bozkatuko zutela iragarri zuten.

EAJ-ri erantzunez, langileen lan baldintzak errespetatuko direla ziurtatu zuen udal gobernu taldeak. “Inor ez da planteatzen ari langileen bizkar” gauzatzea proiektua, zioen alkate Agurtzane Solaberrietak. Uztailaren 17ko epea betetzen ez bada, ohartarazi zuenez, “Usurbilgo herriari ordaindu beharko dio bere hitza ez betetzeagatik”. Proposamenon kontra bozkatzeko argudio falta egotzi zioten EAJ-ri.