Udal aurrekontuen likidazioa, martxa onean

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 10a, 10:39

Gipuzkoako Foru Aldundiak hiruhilero eskatzen dio udalari herri honen aurrekontuen likidazioari buruzko informazioa ematea eta udalbatzarretan ere berri ematen du Udalak. Hala egin zuten urtarrilaren 29an egin zen ezohiko osoko bilkuran.

Behin behineko datuak eskaini zituen aurrerapen gisara Xabier Olano udal kontu hartzaileak, martxoaren 31ra arteko epea dute eta eremu honetako informazio guztia borobiltzeko, 2019ko udal aurrekontuak ixteko alegia. Eskaini zituen datuen artean da, gastuen udal aurrekontua %70,68an, sarrerena %83,73an (iaz %78,23).

Txukun doa aurrekontuen likidazio prozesua udal kontu-hartzailearen esanetan; %70,68an bete dira jada udal iturrien arabera. "Inbertsioak, berriz, hiru ataletan ageri dira, fase diferenteen arabera nola exekutatu diren azaltzeko: gaurko egunez, %83,11 esleitu dira, %97,51 baimendu eta %32,20 obligazio onartu (ordainketa agindu). Izan ere, inbertsioek hainbat fase izaten dituzte: lehenik obrak baimendu egin behar izaten dira, gero esleitu, eta, azkenik, obrak amaitzen direnean, ordaindu. Zumarte musika eskolaren kasuan, esaterako, 2018an baimendu zen obra, baina atzerapenak tarteko, 2020an ordainduko dira lan gehienak. Sarrerei dagokienez, %84,45 exekutatu dira gaurko egunez (iaz baino 6 puntu gehiago, oraingoz). Urte barruan kobratutako sarrerak (zergak, transferentziak...), batez bestekoa %91,32koa da. Olanoren esanetan, “2018koa baino txukunago” doa 2019ko exekuzioa", Udalak nabarmendu duenez.

Hiru arauak beteta
Likideziari lotuta, udal aurrekontuok bete beharreko hiru arau edo helburuak ere betetzen dituela gaineratu zuen Olanok. Batetik aurrekontuen egonkortasuna. Arau honen arabera, sarrera arrunten kopuruak gastuena gainditu behar du. Iazko udal aurrekontuek arau hau betetzen dute, 11,3 milioi euroko sarrerak eta 10,5 milioi euroko gastuak baitituzte. 

Bigarren araua zor biziari lotutakoa da. Horren arabera, zorrak ezin du sarrera arrunten %72a gainditu. Udalaren esanetan egun %16,84an dago. Azkenik, gastu sapaiaren araua dugu. Gastua nolanahi eta nahi adina gehitzea eragotzi edota beste modu batera esanda, gastua mugatzen duen araua da honakoa. 587.000 eurotan jarria lukeen mugaren azpitik da Udala.  Egoera hau dela, kontu-hartzaileak berri eman zuenez, 2017an 2 urterako plan ekonomiko finantzarioa egin behar izan zuen Udalak. Abenduaren 31n bete zen eta “ez dugu plan ekonomiko berririk egin behar izan”. Halere, legez behartuta ez egon arren, "udalak bere kontuak ikuskatzea eskatu ohi dio udalaz kanpoko enpresa bati: ondo bidean, otsaileko ogasun batzordean izango da enpresa hori 2018ko kontuen ikuskatzeen berri emateko".