Martxoan eraikitzen hasi daitezkeen adinekoen egoitzaren urbanizazio proiektua behin betiko onartua

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 10a, 16:45

Astelehen honetako (otsailak 10) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak duela urtarrilaren 28an Usurbilgo Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Kalezarko adinekoen zaintzadun etxebizitzez osaturiko auzune urbanizazio proiektuaren behin betiko onespenaren erabakia berretsi du.

Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-96 (Portalmusu) eta A-97 (Komentua) eremuetako Urbanizazio Proiektua behin betiko onartu zuen Usurbilgo Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak urtarrilaren 28an eginiko bilkuran. Astelehen honetako (otsailak 10) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak erabaki hura berretsi du. "Ebazpen hau behin betikoa da eta amaiera ematen dio bide administratiboari".

Eraikitze lanetarako, horixe zen falta zuen azken udal-tramitea. Urrats berri honekin, Matia Fundazioak egoitza eraikitzen hasteko baimena du. laster hasi daitezke Kalezarren, garai bateko mojen konbentua kokaturiko lur eremuan, adinekoen auzune berria eraikitzeko lanak. Usurbilgo Udalak azken egunotan berri eman duenez, martxoan bertan abia daitezke eraikitze lanak, martxoko lehen hamabostaldian. "Hitzarmen sozial bat lantzen ari dira orain, hainbat zerbitzuren arteko integrazioa lantzeko".