Udaltzaingoaren antolamendu araudi aldatua, behin betiko onartua

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 10a, 08:00

Gasteizko Legebiltzarrak emandako urratsaren ildotik, Udaltzaingoaren antolaketa araudia hasieraz aldatzea onartu zuen udalbatzak azaroaren 28ko osoko bilkuran. Alegaziorik egon ez denez, behin betiko onartu dela berri eman du astelehen honetako (otsailak 10) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak.

Gasteizko Legebiltzarrak onarturiko Euskal Poliziari lotutako legedi berriak Usurbilgo udaltzaingoaren antolaketaren araudia aldatu beharra ekarri du. Azaroaren 28ko udalbatzaren osoko bilkuran udal gobernu taldetik aditzera eman zutenez, lehen agentearen figura berri bat sortzea hain zuzen. Honenbestez, udaltzainburua, lehen agentea eta udaltzainak, hurrenkera horretan geratuko da antolatua udaltzaingoa. Aldaketa gehiengo osoz onartu zen EHBildu eta EAJ-ren aldeko bozkekin azaroa amaierako osoko bilkuran. PSE abstenitu zen. Hasieraz onarturiko araudi berria 30 egunez jendaurrean izan da ikusgai. Tarte horretan erreklamaziorik ez denez aurkeztu, behin betiko onartutzat jo da.

Ertzaintzarekin elkarlana berritzea
Osoko bilkura hartan gainera, Ertzaintza eta Usurbilgo Udaltzaingoaren arteko elkarlanari jarraipena emateko hitzarmena berritzea onartu zuen udalbatzak EHBildu eta EAJ-ren aldeko bozkekin. PSE abstenitu zen. Hitzarmen berritzearekin, zaharkitua zen komunikazio Tetra sistema berritu nahi dute baita.