Ikastetxeek Inauterietako kalejira eta ikuskizunen egitaraua osatu dute

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 11a, 13:15

Usurbilgo Inauteri Festa egunaren bezperan, otsailaren 21ean mozorrotuko dira Aginagako zein Zubietako Eskolak eta Udarregi Ikastola. Ikuskizun eta kalejirak plazaratuko dituzte egunean zehar.

Aginagako Eskolak musika instrumentu ezberdinekin txaranga bat osatu eta kalejiran irtengo dira bazkalostean, Aginagan barrena. Bidean zehar hainbat geldialdi egingo dituzte dantzatu eta abesteko. Zubietan ere kalejiran irtengo dira. Mozorrotuta, dantzan eta abesten egingo dute Alamandegi, Barazar eta plaza ingurua lotuko dituen ibilbidea.

Udarregi Ikastolak, iaz bezala, eta emanaldi berean ziklo ezberdinetako ikasleen ikuskizunak bateratu beharrean, hirutan zatitu du hitzordua. Hartara, saio bakoitza jende gehiagok ikusteko aukera izango du. HH-koen jaialdiarekin hasiko dute eguna frontoian (euria bada Kiroldegian). LHkoak desfilatzera irtengo dira gero, eta segidan DBH-koen Kiroldegiko ikuskizunera joango dira. LH-koek emanaldi propioa eskainiko dute bazkalostean.

Adi, Kiroldegiko emanaldietarako sarbidea, futbol zelai aldeko arrapalatik egin beharko da. Emanaldi bakoitza hasi baino 20 minutu lehenago zabalduko dute atea. Ikasle bakoitzak etxera sarrera bat eramango du. Egunean bertan, Kiroldegian txartel gehiago eskuragarri jarriko ditu ikastolak. Txartela ezinbestekoa izango da emanaldia ikusi ahal izateko.

IKASTETXEEN INAUTERI FESTA
Otsailak 21, ostirala
Aginagako Eskola
15:00 
Txaranga osatu eta kalejira egingo dute Aginagan barrena. Geldialdietan, dantza eta kantu saioak.

Zubietako Eskola
15:30 Zubietako Eskolakoen inauterietako kalejira. Ibilbidea: Eskola, Alamandegi, Barazar eta plaza eguraldi onarekin. Euria bada, frontoian.

Udarregi Ikastola
10:15 
HHkoen festa Usurbilgo frontoian. Giro euritsua bada, Oiardo Kiroldegian.
11:00 LHko ikasleen desfilea herrian barrena. Bi ibilbide osatuko dituzte:
-Udarregi Ikastola, Atxegalde, Usurbilgo Udala, Kale Nagusia, Errekatxiki kalea, Puntapax kalea, Bordatxoko biribilgunea eta Oiardo Kiroldegia.
-Udarregi Ikastola, Bordatxoko errotonda, Bordaberri kalea, Aliproxeko biribilgunea, Kalezar, Puntapax kalea, Bordatxoko biribilgunea eta Oiardo Kiroldegia.
11:45 DBHko ikasleen ikuskizuna Kiroldegian. LHkoak ikasle moduan bertan izango dira.
15:30 LHko ikasleen “Gure esku ez dauden gauzak” ikuskizuna Kiroldegian.
Oharrak:
-Kiroldegirako sarbidea futbol zelai aldeko atetik izango da. Ikuskizuna baino 20 minutu lehenago irekiko da atea.
-Kiroldegiko ikuskizunerako ikasle bakoitzak sarrera bat izango du etxera eramateko. Horrez gain, Kiroldegiko sarreran txartelak banatuko dira emanaldia ikustera sartu nahi dutenentzat.