Usurbilgoa Mikel Laboa plazan, Zubietakoa Alamandegi parean. Biak asteazken honetan (otsailak 12) iluntzeko 19:00etarako finkatu ditu Errausketaren Aurkako Mugimenduak.
"Zaldibar argitu, erraustegia gelditu" aldarripean egingo dira mobilizaziook. "Zaldibarko desastrea kudeatu dutenek erraustegia martxan jarri nahi dute. Hondakinen kudeaketa zentzuzko baten alde, atera kalera!", deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak.
Usurbilen eta Zubietan soilik ez, Hernanin, Donostian, Andoainen, Oiartzunen, Urnietan, Iruran edota Lasarte-Orian ere deitu dituzte elkarretaratzeak. Guztiak aipatu moduan, asteazken honetan, otsailaren 12an, iluntzeko 19:00etan. "Zaldibarreko eskandalua modu lotsagarrian kudeatzen ari direnek erraustegia inposatu nahi digute", ohartarazten dute mobilizazioen deitzaileek. "Zaldibarren hondakin arriskutsurik ez zegoela esan, eta bi langile desagerrarazi dituen eskandaluak azalerazi du zer maila duten erraustegia inposatu nahi diguten politikariek", salatu dute.
Horregatik biharko elkarretaratzeetara deitzen dituzte herritarrak. "Hondakinen kudeaketa osasuntsu baten alde atera kalera zerbait gertatu aurretik", deitzen dituzte herritarrak.