Bart iluntzeko 19:00ak jota Usurbilgo Mikel Laboa plazak zuen itxura duzue ondoko irudietan. Elkarretaratze jendetsua egin zen, "Zaldibar argitu, erraustegia gelditu!" aldarripean. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Gipuzkoako hainbat udalerrietan ordu berean deitu zituen mobilizazioetako bat izan zen Usurbilgoa.
Elkarretaratzearen bidez, lehenbizi, Zaldibarko zabortegiak erasandakoei elkartasuna adierazi nahi izan zieten. Bigarrenik, bertan burutzen ari diren hondakinen kudeaketa eredu kaxkarra salatu. Nola gainera, aipatu zabortegia, negozioa, diru-sarrerak lehenesten dituen enpresa pribatuen esku dagoen. Eta noski, gurean, inguruotan bizi dugun panorama ekarri zuten gogora, aipatu zabortegiko lurjausiaren harira. Hemen ere, martxoaren 3an "ofizialki" piztu dezaketen erraustegia dela eta, "ataka berdinean" aurkitzen garela ohartarazi ziguten.
Hortik atzo iluntzean Usurbilen nahiz Gipuzkoako beste hainbat txokoetan Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deitu zituen mobilizazioetarako hautaturiko aldarria; "Zaldibar argitu, erraustegia gelditu!".
Datozen mobilizazio eta ekimenei adi egon eta parte hartzera deitu zituzten herritarrak.