Usurbilgo jaiak, uztailaren 1etik 5era

Usurbilgo Jai Batzordeak asteazkenean Potxoenean eginiko lehen bileran hartutako lehen erabaki irmoa duzue: herriko festak uztailaren 1etik 5era ospatuko ditugu aurtengoan.

Egutegia eskutan, nahiko argi zen ze egunetan izan zitezkeen Usurbilgo festak. Baina dakizuenez ospakizun hauei dagozkien erabakiak Jai Batzordean hartu ohi dituzte. 2020ko edizioa prestatzeko lehen bilera irekia egin zuen aipatu herritar eta taldeen bilguneak asteazken arratsaldean Potxoenean. Eragile ezberdinetako ordezkariak bildu zituen saioak. Eta lehen erabakia, festen datei lotutakoa, hartu dute jada: Usurbilgo 2020ko jaiak uztaileko lehen bost egunetan ospatuko dira, uztailaren 1etik 5era. Asteazkenarekin hasi eta igandez amaitu. 

Festa egunen kopurua eta epea finkatzearekin batera, lehen proposamen zehatzak ere jasotzen hasi zen Jai Batzordea. Horiek definitu eta egitaraua osatzen segiko dute hurrengo hilabeteotan: noiz zer ospatu, aurrekontuen lanketa, festa parekideen inguruko lanketa...

Usurbilgo jaiak prestatzen segitzeko Jai Batzordearen hurrengo bilera irekia, martxoaren 4rako finkatu dute arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Hau ere atzokoa bezala, bilera irekia izango da, festen antolakuntza lanetan parte hartu nahi duen norbanako nahiz eragile orori zuzendurikoa.