Albiste honi atxikitako irudian duzue igandean Sutegi atarian kokatu zuten postuaren bueltan atera zuten talde argazkia. "Kontuz, ama naiz!" kanpaina urtarrila amaieran aurkeztu zuen GuraSOSek, Zubietako erraustegiaren kontratuari lotutako irregulartasunak salatu zituen Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko agerraldian. Honela bildu genuen egun hartako aurkezpena:
"Kontuz, ama naiz!"
Kanpaina berri bat plazaratzeko baliatu du GuraSOSek asteazken goiz honetako agerraldia. Azken egunotan sare sozialen bidez iragartzen joan diren "Kontuz, ama naiz!" ekimena. Hiru ardatz nagusi izango ditu GuraSOSek zehaztu duenez. Mobilizazioen bidea jorratuko du, arlo juridikoan eta diplomazian lan egingo du. "Guretzat beti adostasuna izango da lehenetsi beharreko bidea. Gatazka hau hitz eginez konpondu behar da eta gu bide hori irekitzen saiatuko gara", gogorarazi du Joseba Belaustegik.
Erraustegia kaltegarria ez dela guztiz bermatu arte eta "haren funtzionamenduaren gaineko kontrol demokratikoa egon arte", erraustegia piztera eragoztera dator "Kontuz, ama naiz!" kanpaina. Datozen asteetan ekimen juridiko berriak emango dituela ezagutzera iragarri du GuraSOSek. Bide batez, gogorarazi du ebazteke daudela baita lehendik abiarazitako beste zenbati ekimen juridiko; batetik, EAEko Auzitegi Nagusian Ingurumen Baimen Bateratuaren (IBB) aurka irekitako administrazioarekiko auzia. "Kausa horretan 2016an gertaturiko IBB-aren bigarren iraungitze kausa ebatzi behar da", zehaztu du GuraSOSek. Epaia hilabeteotan emango da ezagutzera. Bestalde, "ebatzi gabe dago oraindik GuraSOSek Europako Batzordean jarritako kexa, izapidetzeko onartu zena".
Ama taldea: "Ez dugu onartuko baldintza hauetan erraustegia martxan jartzea"
Haserrea eta kezka adierazi du GuraSOSek goizean Donostian egin duen agerraldian parte hartu duen Zubieta eta Usurbilgo ama eta haur taldeak. Zubietako erraustegiari lotutako azken gorabeherak entzunda, onartezintzat jo dute baldintza hauetan aipatu azpiegitura piztea. Agintariei eta auzitegiei neurriak hartzea eskatzen diete. Euren eta haien seme-alaben osasunarekin kezkaturiko ama taldearekin batera, "Kontuz, ama naiz!" kanpaina aurkeztu du GuraSOSek.
Argi zioen GuraSOSen agerraldian zehar hitza hartu duen ametako batek, Lide Arriagak. "Gure eta batez ere gure seme-alaben osasunarengatik kezkatuak gaudelako gatoz hona, hau dena jakin eta gero, iruzur eta eskandalu hauen guztien aurrean esatera ez dugula onartuko Zubietako erraustegia baldintza hauetan martxan jartzea".
Arriskutsutzat jo duen jarduera izango dela gogorarazita, argi utzi nahi izan dute, "badakigu osasunarentzako kaltegarria dela eta gure seme-alaben osasuna bermatzearen arduradunak gu gara". GuraSOSek plazaratu dituen datuen aurrean Arriagak adierazi duenez, "agintariei eta auzitegiei neurriak hartzeko eskatzen diegu. Eskandalu honen guztiaren aurrean neurriak har ditzaketen auzitegiak badaude eta politikariei eskatzen diegu gai hauek politikoki lantzeko beraien agendetan". Azken deia herritarrentzat. "Mugitu egin behar garela bai edo bai, ezin diegula gainetik pasatzen utzi eta gutxiago gure txiki hauen gainetik", ohartarazi du Lidek.