"Zaldibar argitu, orain!" goiburupean, langileak eta osasuna ardatz hartuta, duela astebete gertatu eta ordutik bizitzen ari diren hondamendiaren aurrean erantzukizunak eskatzeko herritar zutabe bana abiatuko da Elgetatik, Ermuatik, eta aipatu moduan Eibarretik. Eibarkoarekin bat egitera deitu du Larreko Mahaiak, maskarekin.
CCOO, LAB, STEILAS eta EHNE sindikatuak, ikasleen sindikatuak, Greenpeace eta Eguzki talde ekologistak, Ernai gazte erakundea, Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, Extinction Rebellion eta GuraSOS biltzen dituen mahaitik argi diote, Zaldibarko zabortegian jazotakoa "ezin dugu istripu moduan ikusi. Gertatu behar zuen eta gertatu da". Urteetan handik eta hemendik eramandako zaborra pilatzen joan direla kontrolik gabe gogorarazten dute, "arduradun guztiek beste aldera begiratzen zuten bitartean. Orain inork ere ez daki zer dagoen bertan, ez jabeek ezta Eusko Jaurlaritzak ere, urte hauetako utzikeriak puntu honetara ekarri baikaitu".
Ondorioak argiak; izugarri larritzat jo duten gertaera, maldan behera etorritako zaborra, eta bi langile desagertuta. "Eta halako batean su misteriotsu bat agertu zen zabortegian. Nork, zerk piztu zuen? Zer ari da erretzen?" galdetzen dute Larreko Mahaitik. Kezkaz deskribatzen dute inguruetako herritarrek bizi duten egoera. "Inguruko herrietako 50.000 pertsona aztoratuta daude zabortegitik datorren ke eta usainarekin, baina airearen kalitatea arrunta da Eusko Jaurlaritzaren esanetan".
"Larrialdi Ekologikoan beste pauso bat"
Zaldibarko zabortegian jazotakoa "Larreko Mahaiak Larrialdi Ekologikoan beste pauso bat bezala ulertzen du, agintariek eta kapitalismoak bultzatuta sortutako zabor kopuru izugarriaren ondorio zuzena, zorte txarra eta kudeaketa penagarriaren ondorioz azaleratzen ari dena. Hau gertatu izan ez balitz hor jarraituko zuketen milaka eta milaka tona gehiago metatzen, zaborrak ezkutatzen, dirua pilatzen".
Horregatik diote, "hondamendi honen aurrean eta oraindik ezkutuan dauden beste antzeko kasu askoren aurrean herritarrok ezin gara isilik egon. Ezin dugu onartu agintariek izugarrikeria hauen konplize eta onuradun izatea".
Larunbateko mobilizazioan parte hartzera deitzen dituzte herritarrak: