Martxoaren 8ko ekimenak prestatzeko bilera irekia astearte honetan

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 18a, 09:49

Azken asteon ildotik, Martxoaren 8ko ekimenak prestatzeko astearterako finkatu du hitzordu berria "M8 egunero da" taldeak. Dagoeneko lehen deialdi bat iragarri da; bertso-afaria martxoaren 6an Artzabalen, nahiz gaurkoz sarrerak ez dauden salgai.

"M8 egunero da" taldea prestaketa lanetan murgildua dabil urtarrila amaieraz geroztik. Martxoaren 8ko ekimenak prestatzeko hiru bilera ireki egin dituzte azken asteotan. Astearte honetarako deitu dute laugarren saioa, otsailaren 18rako 19:00etan Potxoenean.

Iazko greba egun historikoaren ostean datoz prestaketa lanok. 2019ko Martxoaren 8a historikoa izan zen Usurbilen. "Zorionak! Historia egiten ari gara!", zioen herriko mugimendu feministak egun hartan. Iaz, 24 orduko grebara deitu zituzten emakumeak. Mobilizazio eta ekimen historiko eta jendetsuak egin ziren herrian barrena. Ez zuen aurrekaririk eta aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Planto historikoa egin zuten Usurbilgo emakumeek. 

Bertso-afaria martxoaren 6an
Usurbilgo Udalak antolatu du Martxoaren 8ko ekimenen bueltan. Artzabalen ospatuko da martxoaren 6an, 21:00etan, Uxue Alberdi, Oihana Bartra eta Onintza Enbeitarekin. Amaia Agirre arituko da gai-jartzaile lanetan. Sarrerak oraindik ez daude salgai.

31. Lilatoirako izen ematea zabalik
Emakumeen Egunaren bueltan ospatzen den Donostiako 31. Lilatoirako izen ematea zabalik da jada. Martxoaren 1ean ospatuko da aurten. 10:30etan abiatuko da Bulebarretik. Usurbilgo hamarnaka emakumeren parte hartzea sustatzen duen hitzordurako izena otsailaren 20a baino lehen bideratu beharko da lilaton.es atarian, 11 euroren truke.