Buruntzaldean euskaraz

Gorantz Buruntzaldean, gidabaimena euskaraz ateratzen duten ikasleen kopurua

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 17a, 09:34

Iaz eskualdean gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz atera zuten herritarren artean matrikulazio gastuei aurre egiteko 9 ordainsari zozketatu zituzten Buruntzaldeako udal eta autoeskolek joan den ostiralean Hernanin. 10 urte bete dituen egitasmo honen bidez, sektore hau euskalduntzen dihardute aipatu eragileek eta ikasleek.

2010ean abiatu zuten gidabaimena euskaraz ateratzea sustatzeko egitasmoa Buruntzaldeko udalek eta eskualdeko hainbat autoeskolek. Ordutik 1.027 herritarrek bat egin dute kanpaina honekin. 34 lagunek lehen urtean, 2018an 110ek, iaz %14 gehiagok, 124 herritarrek. Hamarkada honetan zehar, gorabeherak izan diren arren, nabaria da sektore honetako jarduna euskalduntzeko ekimenaren parte hartzean izandako goranzko joera.

Egitasmoa babesten eta sustatzen jarraitzeko konpromiso irmoa dute guztiek. Maiatzean emango diote segida kanpaina honi. 18 urte bete dituzten eskualdeko gazteei gidabaimena euskara ateratzera gonbidatzeko gutun bana helaraziko diete Buruntzaldeko udalek. "Esparru honetan ere, euskara erabil dezaten" animatu nahi dituzte herritarrak. Ez baita ahaztu behar, egun D ereduan, euskara hutsean ikasteko aukera dute Buruntzaldeko gazteek, eskolaz kanpoko ekintza hainbat ere hizkuntza berean egiteko aukera. 18 urte bete eta gidabaimena hizkuntza berean atera ahal izatea ere ezinbestekotzat jotzen dute egitasmo honetan parte hartzen ari diren udalek eta autoeskolek. 

Etorkizuneko erronketako bat, urteotakoa izaten segitzen du; atal teorikoarekin lortu dutena, praktikaldira hedatzea. Ikasleek gidabaimenaren atal praktikoa ere euskaraz prestatu eta gainditu ahal izatea alegia.

Euskara hautatzeagatik sarituak
Iaz gidabaimenaren atal teorikoa Buruntzaldeko autoeskolen batean euskaraz prestatu eta gainditu zuten Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo herritarren artean, egitasmo honetan parte hartzen ari diren autoeskolak adina ordainsari zozketatu zituzten otsailaren 14an Hernanin; guztira 9.  9 sari, atal teorikoak ikasle sarituei eragin dizkien gastuak ordaintzeko, 400 euroko mugarekin.

Udalerri bakoitzean dagoen autoeskola adina sari banatzen dituzte. Eskertzeko modu bat da honakoa, eremu honetan ere euskara hautatzeagatik. Buruntzaldeko udalek hain zuzen, eskerrak helarazi nahi dizkiete egitasmo hau abiarazi eta urte guztiotan sustapen lan hau egiten aritu diren udal, autoeskola eta herritarrei. Denen artean, datozenentzat "bidea ireki dute" eta.

Egitasmoan parte hartzen ari diren autoeskolak honako hauek dira: Andoaingo Bengoetxea eta Mendi, Astigarragako Otamendi, Hernaniko Hernani, Lagunak eta Otamendi, Lasarte-Oriako Mugika eta Urnieta zein Usurbilgo Solozabal. 

Urteroko zozketa honetan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa zen Buruntzaldeko udalerriren batean erroldatua egotea, eta aipatu moduan, gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz prestatu eta gainditu izana 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31rako tarte horretan.

Imanol Furundarena Maiz izan da Usurbilgo saritua. Zorionak!