EAJ-PNVk, bide batez, deitoratu nahi du “obra-hondakinen azpian oraindik jarraitzen duten langileen senide eta lagunentzat horren mingarri eta dramatiko gertatzen den egoerarekin eragile politiko batzuk egiten ari diren erabilpen doilor eta okerra”.
Kartelak, zaborra eta gorotzak batzokietako sarbideetan
Usurbilgoa ez da kasu bakarra izan. Antiguo, Altza, Sabindarrak, Algorta, Sopela, Ugao, Galdakao, Zalla, Mungia, Elorrio eta Basauriko batzokietan ere erasotu dituztela salatu du EAJ-k. “Antzeko patroia jarraitu dute guztietan. Ezezagunek jeltzaleen egoitzetako fatxadetan hainbat kartel jarri dituzte EAJ-PNVko agintariak eta alderdikide guztiak irainduz eta mehatxatuz. Halaber, zenbait batzokietako sarbideetan zabor poltsak eta gorotzak bota dituzte”.
Presazkoena, langileak aurkitzea
EAJ-k administrazioei eskatzen die hondakinen azpian dauden langile biak aurkitzeko lanean jarrai dezatela, “hori delako une honetan lanik premiazkoena eta presazkoena. Eta behar besteko neurriak hartzen jarrai dezatela langileak lokalizatzeko lan horietan parte hartzen duten profesionalen bizia babesteko eta inguruan bizi diren pertsonen osasuna zaintzeko”.
“Enpresak erantzukizun guztiak argitu ditzala”
Era berean, zabortegiaren jabe den enpresari EAJ-k exijitzen dio “lankidetza, informazioa eta gardentasuna eskain ditzala zabortegian gertatu den luiziaren zioak eta gertakari horren inguruko erantzukizun guztiak argitzeko”.
Argazkia: Usurbilgo EAJ.