Zirimarak familia plana antolatu du Inauteri Festarako

Jolasak eta dantza! Inauteri Festarako gaia proposatzearekin batera ("Dantza"), familia plana antolatu dute Zirimarako lagunek larunbateko jaialdirako.

Udarregi Ikastola, Usurbilgo Udala eta NOAUA! Kultur Elkartea sustatzaile nagusi dituen Zirimara egitasmoko kideen proposamena hautatu da larunbateko Inauteri Festarako; alegia dantza izatea mozorrotzeko gaia. Baina ekarpen gehiago ere egin du; kirola, aisia, eta guraso zein seme-alabak batuko dituen familia plan berria antolatu dute otsailaren 22rako. Tarteka antolatu ohi dituzte hitzorduok; iaz esaterako, Mundualdian jolasean eta dantzan ikusi genituen. Andatza Egunerako jolas, nahiz antzezlan saioez tartekaturiko igoera dibertigarria prestatu zuten Zirimarako lagunek.

Eta iazko Inauteri Festan izandako harrera bikainaren ondotik, 2020ko jaialdian parte hartzea erabaki dute berriz. Gaztelekuko kideek kaleratuko duten herensugearekin kalejiran ibiltzeko gonbita luzatzen dute, Burrunbazale txarangaren erritmora. Lehenago jolasak egitekoak dira Mikel Laboa plazan. Eta goiza borobiltzeko, dantza saioa iragarri dute guztiek batera frontoian. Guraso eta seme-alaba ororentzako deialdi irekia da Zirimarakoen familia plana. Hemen egitaraua:

Otsailak 22, larunbata
11:30 
Egunaren hasiera txarangarekin.
12:00 Zirimara jolasak Mikel Laboa plazan.
12:30 Kalejira Gaztelekuko herensugearekin eta Burrunbazale txarangarekin.
13:00 Dantza frontoian Orbeldi Dantza Taldearekin.
Antolatzailea: Zirimara.