Datorkiguna, aurkezpen nahiz antolakuntza bileren astea

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 20a, 12:40

Martxoaren 8a prestatzeko bilera, Txokoalderako Akerra proiektuaren aurkezpena, Zubietako legealdi berriari begirako nahiz Kalezarko auzotarren beharrak biltzeko saioak iragarri dira hurrengo asterako. Lerrootan, saio guztion xehetasunak.

Kalezar, Zubieta, Usurbil eta Txokoalde, bilera ireki ezberdinen lekuko izango ditugu hurrengo astean. Bina hitzordu iragarri dira otsailaren 25 eta 26rako hurrenez hurren. Datorren asteartean, legealdi berrirako egitasmoak azaldu baina bereziki herritarren ekarpenak biltzeko bilera irekia deitu du Zubietako Herri Batzarrak. " Datozen 3-4 urteei begira, zubietarrek dituzten beharrak zerrendatzea, eguneratzea eta adostea", da bileraren helburu nagusia, Zubietako alkate Haritz Arrizabalagak aste honetako NOAUA!ri eskaini dion elkarrizketan nabarmendu duenez.

Egun berean bilduko da baita "M8 egunero da" taldea. Asmoa, Martxoaren 8ko ekimenak antolatzen segitzea litzateke. 

Biharamunean, hilaren 26an, beste bi bilera; lehenengoa Haur Eskolan. Udala birgaitzen hasia den Kalezarko Pelaioenea eraikina, Emakumeen Etxearen eta kalezartarren beharrei erantzungo dien udal ekipamendu berriaren aterpea izango da. Udal ekipamendu hau diseinatu eta kalezartarrek dituzten beharrak biltzeko bilera deitu du hurrengo asteazkenerako udal gobernu taldeak. 

Egun berean, Akerra proiektua aurkeztuko dute Txokoalden, udazkenean zehar auzotarrek Udalarekin batera lantutako egitasmoa. Gaztetxe izandakoaren eraikina txokoaldetarren beharrei erantzuteko bilgunean bilakatuko da etorkizunean. Gunearen kudeaketa, funtzionamendua eta gehiago definitzen aritu dira auzotarrak eta Udala, txokoaldetarren beharrak jasotzearekin batera. Udalak parte hartze prozesu horretatik jaiotako proiektua aurkeztuko die txokoaldetarrei, berriz ere haien ekarpenak biltzeko.


BILEREN AGENDA
Otsailak 25, asteartea
18:30 Zubietako legealdi berriari begirako herritarren beharrak biltzeko bilera irekia Kaxkapen.
Deitzailea: Zubietako Herri Batzarra.
19:00 Martxoaren 8ko ekimenak prestatzeko bilera irekia Potxoenean.
Deitzailea: "M8 egunero da" taldea.

Otsailak 26, asteazkena
19:00 Auzoko Pelaioenea eraikinean kokatu eta auzoko beharrei erantzungo dien udal ekipamendu berria definitu eta kalezartarren beharrak biltzeko bilera irekia Haur Eskolan.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
19:30 Txokoalderako Akerra proiektuaren aurkezpena, gaztetxe izandako auzoko eraikinean.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.

Martxoak 4, asteazkena
18:00 Usurbilgo jaiak antolatzen segitzeko bilera irekia Potxoenean.
Deitzailea: Usurbilgo Jai Batzordea.