Xua Gurasoekin Etxera

Bereizi ostetik bi hilabete beteko dira gutxienez, Xua berriz gurasoekin egon ahal izateko

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 20a, 13:21

Xuak urtarrilaren 19an 3 urte bete zituenean, jada baldintzapean aske behar zuten arren, Valentziako Picassenteko espetxean zituen guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangarengandik bereizi zuten. Hilabete igaro da eta ordutik ez diete elkarrekin egoten utzi. Berriz elkar ikusi ahal izateko epea luzatu daitekeela dirudi. Xuarekin eta amona Mari Karmen Anzarekin gaurko eta hurrengo asterako eskatuak zituzten bisitak ukatu dizkiete, joan den astetik Madrilgo Aranjuezeko espetxean diren Olatzi eta Patxiri.

Ostegun honetarako, otsailaren 20rako zuten eskatua lehen bisita, eta ukatu egin diete. Hurrengo asterako zuten programatua bigarrena, eta hau ere ukatu egin diete. Xuak hilabete darama guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangarekin egon ezinik, urtarrilaren 19an 3 urte bete zituenean bereizi zituztenetik hain zuzen. Olatzek eta Patxik Xuarekin eta amona Mari Karmen Anzarekin egoteko eskatuak zituzten asteotarako aipatu bi bisitak ukatu dizkiete, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak NOAUA!ri aditzera eman dionez. 

Hilabete darama Xuak gurasoekin egon ezinik, eta bidegabakeria hau ere (beste bat gehiago) denboran luzatu daitekeela dirudi gainera. "Momentuz, martxoaren 19an daukate izendatua. Hortaz, gauzak aldatzen ez badira, banatu zituztenetik bi hilabete pasako dira beren alaba ikusterako", ohartarazi dute Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik.

Gogoan izan, Xua gurasoengandik bereizi zuten egunean, 600 kilometroko distantzian banandu zituzten Olatz eta Patxirengandik. Une hartan, espetxealdiaren hiru laurdenak beteak izan eta jada baldintzapean aske behar zuten arren, herriko aipatu bi presoak Valentziako Picassenteko espetxean zituzten. Gerora hedabideen bidez zabaldu zuten moduan lehenik, eta gero baieztatu zenez, Madrilgo Aranjuezeko kartzelara lekuz aldatu zituzten Olatz eta Patxi. 

350 kilometro egiteko astebete
Astebete behar izan zuten, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak aditzera eman bezala, "350 kilometro egiteko!". Bidean zenbait espetxeetan izan dituzte Olatz eta Patxi. Biak batera atera zituzten arren, gerora kartzela desberdinetara eraman zituzten. "Biak ala biak otsailaren 4an atera zituzten Picassentetik (Valentzia) eta Villenakora (Alacant) eraman zituzten aurrena. Gero Patxi Valdemorokora eta Olatz Soto del Realekora", azaldu du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. 

Tarte horretan gainera, Patxi Urangaren "inolako berririk gabe" izan ziren senide eta lagunak, "ez diotelako deirik egiten utzi". 

Astebeteko bidaiaren ostean, aipatu bilgunetik NOAUA!ri aditzera eman ziotenez, otsailaren 10ean heldu zen Patxi Uranga Aranjuezera. Biharamunean, hilaren 11n, Olatz Lasagabaster. 


Bereizi eta hilabetera lehen bisita
Bidaian Olatz eta Patxi bereiziak izan ostean, Aranjuezen ere bereizita segitzen dute. "Ez dituzte, esan zuten bezala, elkartuta jarri ziega ziega berean. 
Itxaron egin behar dutela esan omen diete noiz arte zehaztu gabe", ohartarazi du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. Bitarte horretan, Olatz amen modulura eraman dute, "han dagoen beste euskal preso batekin egoteko aukera du. Aldiz, Patxi ez dute beste euskal preso gizonezkoa dagoen moduloan jarri".


Helbide berriak
Espetxe aldaketarekin honatx Olatz eta Patxirekin hartuemanetan jartzeko, Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik helarazi dituzten helbide berriak:

Olatz Lasagabaster Anza
Centro Penitenciario MADRID VI  - Módulo F2
Carretera N-400, km. 28
28.300 Aranjuez (Madrid)
 
Patxi Uranga Salbide
Centro Penitenciario MADRID VI  - Módulo 1
Carretera N-400, km. 28
28.300 Aranjuez (Madrid)