Anbulategiko pediatra berriak ez dakiela euskaraz salatu du Udalak

Anbulategian pediatra berria izango da aurrerantzean. Usurbilgo Udala jada harremanetan jarri da Osakidetza eta UEMArekin, langile berriak ez dakielako euskaraz. Udalak lehengo pediatra gera dezin eskatu zion Osakidetzari, eta hori ezinezkoa izanez gero, behintzat berria euskalduna izatea. Azkenean, ez bat ez beste, pediatra berri erdalduna du Usurbilgo anbulatorioak.

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kidea da Usurbil, eta beraz, euskara da herrian nagusi. Anbulategian ere euskaraz hitz egin ahal izatea bermatu nahi du Udalak. “Pediatra euskalduna izatea ezinbesteko baldintza da guretzat eta euskaraz bizi nahi duen herri batentzat”, nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak, Osakidetzari igorritako idatzian.

 

Betiko pediatrak duela gutxi hartu zuen erretiroa, eta pediatra berriarekin ohitzen hasiak zirenean iritsi da aldaketa ama berrientzat. Osakidetzak ez zuen Usurbilgo pediatra postua esleitu oposizioak gainditutako medikuen artean. Udalak oraindik ez daki zein den benetako egoera, behin-behinean jarri duten pediatra ote den ala ez. Egoeraz kezkatuta, salaketa bana jarri du Udalak Behatokian eta Elebiden. “Aldaketa horrek bereziki kezkatzen gaitu, etor daitekeen langilearen profesionaltasuna zalantzan jarri gabe, gaur egungo pediatrak dagoeneko herriko umeak eta errealitatea ezagutzen dituelako”, azpimarratu du Usurbilgo alkateak egoeraz kezkatuta.