Xuak urtarrilaren 19an 3 urte bete zituenean, jada baldintzapean aske behar zuten arren, Valentziako Picassenteko espetxean zituen guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangarengandik bereizi zuten. Hilabete igaro da eta ordutik ez diete elkarrekin egoten utzi.
Otsailaren 20rako zuten eskatua alabarekin egoteko lehen bisita Olatzek eta Patxik, eta ukatu egin zieten. Aste honetarako zuten programatua bigarrena, eta hau ere hasiera batean ukatu egin diete. Martxoaren 20rako, bereizi zituztenetik bi hilabetera finkatua zieten lehen bisita. Azkenean ordea badirudi ostegun honetan bildu ahalko dela familia, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak NOAUA!ri aditzera eman dionez.
Gogoan izan, Xua gurasoengandik bereizi zuten egunean, 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean zituzten Olatz eta Patxi. Gero astebetez espetxe desberdinetan bereiziak izan ostean, Madrilgo Aranjuezeko kartzelara lekuz aldatu zituzten Patxi hilaren 10ean eta Olatz biharamunean. Esan zietena ez dute bete, eta modulu ezberdinetan daude. Hemen biekin hartuemanetan jartzeko, Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik helarazi dituzten helbide berriak:
Olatz Lasagabaster Anza
Centro Penitenciario MADRID VI - Módulo F2
Carretera N-400, km. 28
28.300 Aranjuez (Madrid)
Patxi Uranga Salbide
Centro Penitenciario MADRID VI - Módulo 1
Carretera N-400, km. 28
28.300 Aranjuez (Madrid)
Azken ostirala Lasarten
Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak bertan behera utzi du, hilero moduan, otsailaren 28rako Mikel Laboa plazan deitu ohi duen euskal presoak etxeratzeko elkarretaratzea. Ordu berean, Lasarte-Orian deitu den manifestazioan parte hartzeko deia egin du.
Otsaileko azken ostiralean, hilaren 28an ez da elkarretaratzerik izango 20:00etan Mikel Laboa plazan. Hala ohartarazi dio NOAUA!ri Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. Egun eta ordu horretan, hilaren 28an 20:00etan Lasarte-Orian deitu den manifestaziora joateko deia egin du. "Izan ere, dispertsio-politika salatzeko eta horren erruz hildako senideak bisualizatzeko Etxerat burutzen ari den kanpainaren barnean, oraingoan Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi lasartearren kasua nabarmendu nahi da. Biek ala biek 2003ko otsailaren 28an, justu orain 17 urte. Orduan preso zeukaten seme eta anaia Almeriara bisitatzera zihozela izandako kotxe-istripuan galdu zuten bizia. Istripu berean Joxe Balerdi aita larriki zauritua suertatu zen", gogorarazi dute Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik.
Bizirik segitzen duen dispertsioa bertan behera uztea exijituko da manifestazio honetan. "Tamalez, dispertsioak bizirik jarraitzen du oraindik ere. Eta hori gutxi balitz, azken 32 urtetan politika krudel horrek eragin dituen 16 hildakoek eta dozenaka zaurituek ez dute inolako aitortza instituzionalik lortu. Nonbait bigarren mailako biktimak dira. Argi eta Iñaki gure bihotzetan ditugula gogoratu eta Madrilgo gobernuak urrunketa eta sakabanaketaren desmasia lehenbailehen bertan behera utz dezala exijituko dugu otsailaren 28ko manifestazioan, 20.00tan, esan bezala, Lasarten".
Biharamunerako, otsailaren 29rako bestalde, ibilaldia antolatu dute Teresategiko oroigarriraino. Ibilaldia goizeko 10:30etan abiatuko da Okendo plazatik eta 10:45ean Zabaletako Antonio Blas plazatik. Ibilalditik itzuli ostean, mokadutxora iragarri dute 12:30ak aldera Xirimiri elkartean.