Agerraldia hasi eta berehala gogorarazi dute Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko (OEIT) kideek, prentsaurrekoa zer nolako testuinguruan eskaintzen ari ziren. "Gaur, hondakinen arloko erakundeen kontrolik ezaren ondorioei buruzko krisi betean, osasun-kolektiboaren ahotsa altxatu nahi dugu berriz ere", nabarmendu dute OEIT-ko kide eta mediku Xabier Mitxelenak eta Jose Cruz Ruiz de Villandiegok.
Eta hitz egiten hasi orduko, berehala ahotan hartu dituzte erraustegiak dakartzaten arriskuak. Gaixotzeko arriskua areagotzen duten ikerlanak hain zuzen. Nazioarteko bi ikerlanen emaitzak ekarri dituzte Potxoeneara. Lehenengoa, Britainia Handian landutakoa. "Jaiotzetiko malformazioak jasateko arriskua areagotu egin da ikertutako erraustegien inguruan bizi diren biztanleen artean; zehazki, bihotzeko eta gernu-aparatuko malformazioak", berri eman dute OEIT-ko kideek.
Bigarren azterlana, Italiako erraustegi bati buruz landu zutena. Ez edozein ikerlan, azterlan honen ondorioz, ikertua izan zen planta ixtea erabaki baitzuten bertako agintariek. "Hilkortasun totalaren gorakada nabari da, minbizi linfatikoagatik, arnas gaixotasunengatik eta gaixotasun kardiobaskularrengatik, aztertutako erraustegiaren inguruetan bizi den biztanlerian".
Akatsak, erraustegien jabeek finantzaturiko ikerlanetan
Aipaturikoak ez dira erraustegiek osasunerako ekar ditzaketen kalteez ohartarazten duten ikerlan bakarrak. OEIT-ren esanetan, "osasuneko afekzio horietako batzuk bat datoz erraustegi modernoen inguruan berriki egindako beste ikerlan batzuen ondorioekin edo Munduko Osasun Erakundeak 2016an hondakinak eta osasunari buruz argitaratutako txosten batean aipatutakoarekin".
Argitu nahi izan dutenez, ez dituzte aztertu erraustegiaren jabe diren enpresek finantzatutako ikerketak, "haietako askoren diseinuan ikusitako akatsak eta finantzaketaren jatorriaren ondorioz sor daitezkeen interes- gatazkak direla eta". Halere ohartarazi dutenez, "salbuespen bat egin dugu Zabalgarbiko erraustegiaren inguruan egindako ikerlanekin, haren gertutasun geografikoa dela eta".
Zehaztu dutenez, "ikerlan hauetan ere akatsak antzeman ditugu diseinuan, eta dagoeneko egileei jakinarazi dizkiegu. Akats horiek zalantzan jartzen dituzte ikerlanen ondorioak. Aipatutako ikerlan hauetan gehienbat dietaren bidezko esposizioa duten kutsatzaileak monitorizatzen dira. Erraustegiaren eraginpean dagoen tokiko produktu gutxi edo batere ez kontsumitzeak azal lezake parte-hartzaileen laginetan aztertutako kutsatzaileak ez igo izana".