Gaur eta azken urteotan Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak (OEIT) ezagutzera emandako azterlanek agerian utzi dituzte, erraustegiek osasunerako ekar ditzaketen arriskuak. Datu eta emaitza hauen aurrean, eta medikuak diren heinean, ohartarazpen argia egin dute gaur Potxoenean.
"Mekikuak garen aldetik, Gipuzkoako herritarrak garen aldetik, esan dezakegu hondakinak erraustuz eta ondoren sortutako zepak eta errautsak zabortegian metatzeak are gehiago kaskartuko duela arnasten dugun airearen eta gure elikagaiak landatzen ditugun lurzoruen kalitatea, eta horrek guztiak herritarron gaixotzeko arriskua areagotuko du, aipatutako ikerlanek eta zorroztasun zientifikoz aztertutako gehienek agerian uzten duten bezala".
Hondakinak erre gabe kudeatu
Erraustegiek herritarron gaixotzeko arriskua areagotzen dutelako, Foru Aldundiko agintariei eskaera argia egin diete: "diputazioko agintariei eskatzen diegu hondakinak kudea ditzaten osasunean ezezik ingurumenean eta kliman ere, beraien harreman estuarengatik, eragin gutxien izango duen moduan".
Hondakinak erre gabe eta kutsatzailerik gabe kudeatu ditzatela galdegin dute. "Kudeaketa horrek, jakina, hondakinen errausketa eta ondoren sortutako zepen eta errautsen zabortegietan metaketa bertan behera uztea eskatzen du. Egin dezatela benetan Gipuzkoako Ingurumen Gunea deitzen den horretatik, hondakinak erre gabe eta ingurumenarentzat eta batez ere Gipuzkoako biztanleentzat kutsatzaileak sortu gabe tratatzeko tresna bat".
Klase politikoari eta erakundeentzat ere osasuna zeharlerroa izan dadila haien politiketan. "Osasuna beren politika guztietan txerta dezaten, ingurune osasungarriagoak sortzeko eta gaixotasunak prebenitzeko, Munduko Osasun Erakundearen gomendioari eta gizartearen nahiari jarraiki".