Zubietako erraustegia

"Kontuz, ama naiz"-eko kideak ere larunbateko manifestaziorako prest

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 26a, 11:10

Larreko Mahaiak larunbaterako (otsailak 29) Donostian (17:00etan Easo plazatik) abiatuko den manifestaziora buruan zapia jantzita joateko deia egin du GuraSOSek abian jarritako "Kontuz, ama naiz!" dinamikako kideek. Kartel ezberdinak eramatekoak dira. Astelehenean frontoian landu zituztenak.

"Kontuz, ama naiz! Natura, bizitza, etorkizuna naiz. Zertan ari zarete nirekin?", hala hasten da GuraSOSek sare sozialen bidez zabaldu duen bideoan. Amak eta haurrak ageri dira, batzuk zapia buruan jartzen, besteak zapia buruan dutela.

Horretara gonbidatzen dute; Larreko Mahaiak biltzen dituen eragile sindikal, sozial eta ekologistek, erraustegia geratzeko otsailaren 29rako Donostian (17:00etan Easo plazatik) deitu duten manifestaziora zapia buruan jantzita joatera alegia. "Kontuz, ama naiz! Indarra, kemena irudikatzeko zapia jarri dut buruan. Gazte, heldu, haur... Denok Donostiara zapia buruan!".

GuraSOSen baitan abian jarritako "Kontuz, ama naiz!" ekimeneko ama taldeak argi ohartarazten du, "ez dugu utziko erraustegia martxan jartzen, berme eta kontrolik gabe". 

Kartelak
Buruan zapia jantzita eta aipatu manifestaziora eskuetan kartelekin joatera deitzen dute "Kontuz, ama naiz!" ekimeneko kideek. Horretarako tailerra antolatu zuten astelehenean. Haur eta gurasoak hainbat kartel diseinatu zituzten frontoian antolatu zuten tailerrean.