Guztiok bizitzeko behar dugun odola emateko 2020ko bigarren hitzordua, datorren astelehenerako, martxoaren 2rako deitua du Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak. Ohi bezala, 18:00-20:30 artean anbulatorioan.
Odola emateko bete beharreko baldintzak
-18-65 urte artean izatea.
-50 kilotik gora pisatzea.
-12 urte baino lehenago hepatitisa izan, kolesterol maila altua izan, baraurik egon ez edota ohiko botikaren bat hartzen baduzu ere, odola eman dezakezu.
-Emakumezkoek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen utzi beharra dago.
Informazio gehiago:
donantes2punto.eus
943 31 70 91
Odol emateek behera egin arren, emaile kopurua mantendu da 2019an
Odol emate kopuruak behera egin du 2019an. 2018 eta 2019ko odol-emaile kopurua bere horretan mantendu da 143 emailerekin. Bildu den odol kopurua, ordea, txikiagoa izan da, 251 emanaldi zenbatu diren 2018an eta 227 emanaldi 2019an; 24 emanaldi gutxiago.
“Batzuek behin baino ez dute eman odola, beste batzuek bitan eta beste hainbatek hirutan”, adierazi zion NOAUA!ri urte hasieran Mari Jose Kortak, Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteko ordezkariak.
Inauterietan “nabarmen” egin zuen behera odol emateak Kortaren esanetan: “Data horiek ez dira onenak izaten odol-emaileentzat, ez eta udaren osteko lehen odol emate hori ere”. Odola eman ahal izateko baldintza batzuk bete behar izaten dira, eta oporraldian atzerrian izandakoak arriskuan egon izana oso posible izaten da.
Adinari dagokionez, 18 eta 70 urte bitarteko jendeak eman dezake odola, osasun egoera egokian badaude. “Urte askotan odola eman dutenei jada ez diete gehiago odola ematen uzten adina dela eta”, ziurtatu du Odol Emaileen Elkarteko ordezkariak. Odol ematearen egunean eta hurrengoan kirolik ez egitea aholkatzen dute gorputza gehiegi ez behartzeko. Gainontzean bizimodu normala egiteko ez du inolako arazorik sortzen. Hori bai, odola eman aurretik ongi gosalduta joan behar da zorabioak ekiditeko. Sei emaile berri izan dira 2019an, adinez gazteak. Kezka agertu dute Odol Emaileen Elkartean jende gaztea odola ematera animatzeko, bai eta antolatzeko lanetan aritzeko. Elkarteko kideak helduak dira eta aire freskoaren beharra ere nabarmendu dute gazteak animatzeko lanetan aritzeko.