Inauteri Festa 2020

2020ko Inauteri Festa iruditan

Dantza batean heldu zitzaizkigun, dantza batean bizi izan genituen jai giroak iraun zituen 48 orduak eta dantza batean agurtu genituen inauteriak. Dantzarien mozorro festak utzitakoa esteka honetan jaso dugu iruditan: https://noaua.eus/bereziak/inauteri-festa-2020

Udarregi Ikastolakoen eskutik heldu ziren inauteriak gurera otsailaren 21ean. Garai bateko Oiardo Kiroldegiko ikuskizun bakarra hirutan zatitu eta egun osoko festan bilakatu zuten mozorro festa. Kalejiran irten ziren HH, LH eta DBHko ikasle eta irakasleak. Eta gero zikloka, koregrafia ikusgarri eta landuak plazaratu zituzten.   

Aginagako eta Zubietako Eskolek ere aipatu herri guneak mozorroz jantzi zituzten egun berean. Eta herri eragileen txanda gero. Orbeldi Dantza Taldekoek Luzaideko bolant dantzak plazaratu zituzten Kaxkoan barrena eginiko kalejiran lehenik eta frontoian egin zuten emanaldi borobilean gero.

Biharamunean etorriko ziren dantzarien atariko saioa izan zen hura. Otsailaren 22ko Inauteri Festaren erdigunean kokatu ziren, mundu zabaletik etorritako estilo anitzetako dantzariak. Mozorro festa koloretsu eta bizia izan genuen beste behin. 

Egunotako festa esteka honetako albiste, bideo eta argazkietan bildu genuen: https://noaua.eus/bereziak/inauteri-festa-2020