UEMAren udaleku ibiltarien aurkezpena 18:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 27a, 08:35

Ekainaren 29tik uztailaren 5era Zumaiatik Lekeitiora antolatu dituen udaleku ibiltarien ekimena aurkeztuko du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) ostegun arratsalde honetan, 18:00etan Potxoenean.

Herri hau kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Usurbil hautatu du, antolatu dituen udaleku ibiltariak aurkezteko. Gogoan izan, iaz Usurbildik bertatik abiatu zen udalerri euskaldunetako 14-18 urte arteko gazteen topaketa. "Iaz, lehen aldiz, ibiltaria izan zen ekimena, eta 60 gaztek hartu zuten parte", antolatzaileen esanetan.  "Pauso eta salto" izeneko ekimenaren nondik norakoen berri emango dute antolatzaileek, ostegun arratsalde honetan 18:00etan Potxoenean. 

"Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko topaketa hauekin", UEMAren esanetan.

Aurtengorako izen ematea otsailaren 19an ireki zuten martxoaren 31ra arte. Udaleku ibiltariak ekainaren 29an Zumaian abiatu eta uztailaren 5ean amaituko dira Lekeition. Hiru etapatan banatuko dute ibilbidea: Zumaiatik Itziarreko bidea osatuko dute ekainaren 29an. Gero Ondarrura joko dute eta handik Lekeitiora.

2020KO PAUSO ETA SALTO UDALEKUAK

Ibilbidea: Zumaiatik Lekeitiora

  1. Etapa: Zumaia- Itziar (Ekainak 29)
  2. Etapa: Itziar- Ondarru ( Ekainak 30-Uztailak 2)
  3. Etapa: Ondarru-Lekeitio ( Uztailak 2- Uztailak 5 )