"Ustelen legea errautsa eta kea besterik ez delako, gu bizitzak erdigunean jartzera gatoz. Zaldibar argitu eta erraustegia gelditu!" exijitu du Ernaik ostegun eguerdian Donostian. Hona hemen, mobilizazio amaieran plazaratu duten adierazpena osorik:
ERNAI GAZTE ANTOLAKUNDEAREN ADIERAZPENA
USTELEN LEGEA ERRAUTSA ETA KEA!
Zaldibar argitu-Erraustegia gelditu
Otsaila markatu duen gai bat egon bada, Zaldibarko zabortegian izandako luizia eta honakoaren kudeaketa izan da. Gai izarra eta kudeaketa kaxkarra. Aste hauetan ere Zubietako erraustegia martxoa amaieran martxan jarriko dutela adierazi dute. Bi gertakari hauek erakusten digute gure lurretan hondakinen kudeaketa negargarria izaten ari dela.
Bi langileek oraindik ere lurpean jarraitzen dute. Gure osasuna kaltetzen ari diren gasak hamarnaka egunez egon dira isurtzen. Zabortegitik 20 kilometroko distantzian kokatzen diren herritarron bizitzak arriskuan jartzen ari dira etengabe. Erraustegiarekin frogak egiten hasi dira dagoeneko. Argi ikus dezakegu Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako promesetatik oso urrun geratzen dela proiektu txikitzaile honek izango duen eragina guregan.
Eta honen guztiaren aurrean, agintarien erantzuna zein da? Aurpegi garbiketa saiakera penagarria. PNV eta PSE alderdien erantzukizuna da gure lurretan gertatzen ari den guztia. Kudeaketa negargarria izaten ari da. Gezurretan oinarritutako erantzunak eman eta herritarrak engainatu nahian dabiltza.
Gainera, larrialdi klimatikoa denok interpelatzen gaituen errealitate bat da. Mundu mailako olatu sozial erraldoia pizteko gaitasuna izan duen gaia, hain zuzen, eta Euskal Herrira ere iritsi dena. Egoera honen aurrean, agente politiko eta botere faktikoek kapitalismo berdearekin erantzun dute, haien aurpegia garbitu nahian, inolako aldaketarik suposatzen ez duten azaleko adierazpenak eginez eta hazkunde ekonomiko eta negoziorako aukera berriak irekiz. Baina gu ez gaituzte engainatuko!
Alferrikako azpiegitura kutsakor eta garestiak eraikitzeari utzi eta beste bizimodu baten aldeko apustua egin beharra dago. Gu guztion bizitza erdigunean jarriz eta ez gutxi batzuen etekin ekonomikoa. Beraz, gazteok argi dugu, herriaren aurkako iruzurrik ez dugu onartuko. Merkatua eta interes pribatuak lehenesten dituen ereduaren aurrean, bizitzaren aldeko apustua egiten dugu.
Azkenik, mobilizazio hau ere baliatu nahi dugu, Larreko Mahaiak otsailaren 29an antolatu duen herrialde mailako manifestazioari gure atxikimendua eman eta Euskal Gazteriari ere bertan parte hartzera deitzeko.
Ez dugu onartzen ustelkeriarik, ez dugu onartzen gure lurrarekin eta osasunarekin jolasterik, ez dugu onartzen zuen poltsikoak betetzeko proiektu txikitzaileak eraikitzerik. Ustelen legea errautsa eta kea besterik ez delako, gu bizitzak erdigunean jartzera gatoz. Zaldibar argitu eta erraustegia gelditu!
Euskal Gazteria aurrera!
Ernai