Haurrentzako neguko zine zikloa ixteko, "Mr. Link: jatorri galdua" igandean

Azaroaz geroztik Usurbilgo Udalak Ziortza Gazte Elkartearen laguntzaz hilero Sutegin eskaini dituen haurrei zuzenduriko euskarazko filmen proiekzioa igande honetan borobilduko dute. "Mr. Link: jatorri galdua" ikus-entzunezkoa eskainiko dute Sutegin.

Giro euritsua espero da iganderako; plan ezinhobea Sutegira gerturatu, kultur etxeko auditorioko butaka erosoetan eseri, eta euskarazko film batez gozatzeko. Usurbilgo Udalak Ziortza Gazte Elkartearekin negu parte honetarako haurrentzat antolatu duen zikloko azken proiekzioa izango da gainera. Azaroan hasita, hilero gaztetxoenentzako ikus-entzunezkoak euskaraz eskaintzen aritu dira. 

Aipatu moduan, igande honetakoa, martxoaren 1ekoa azkena izango da. Arratsaldeko 17:00etan Sutegiko auditorioan, "Mr. Link: jatorri galdua" proiektatuko dute.

"Lionel Frost ikertzaileak mitoak eta munstroak ditu ikergai eta izaki arraro eta maitagarri bat aurkituko du, bere espezieko azkena, eta Mr. Link izena jarriko dio. Frostekin batera, Mr. Linkek bidaia zoragarri bezain dibertigarri bati ekingo dio duela asko galdutako bere lehengusu Yetiak aurkitzeko asmoz. Horretarako Adelina Fortnight abenturazale adoretsuaren laguntza izango dute, beronek baitauka Yetien kokagunea adierazten duen mapa bakarra. Hirurek elkar hartuta, arrisku ugari gainditu beharko dituzte helmugara iristeko".  

Filma ikusteko sarrerak egunean bertan izango dira salgai 3 eurotan.