Martxoaren 8rako azken prestaketak bideratu eta herriko jaiak antolatzen segitzeko bilera bana egunotan

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 2a, 07:28

"M8 egunero da" taldeak astearterako (martxoak 3) deitu du bilera 19:00etan Potxoenean. Ordubete lehenago, 18:00etan biharamunerako (hilak 4) finkatu du Usurbilgo Jai Batzordeak biltzeko hitzordua Potxoenean.

Usurbilgo jaiak antolatzeko bigarren saioa
Herriko festak uztailaren 1etik 5era ospatuko ditugu aurtengoan. Hala erabaki zuen Usurbilgo Jai Batzordeak duela aste gutxi eginiko lehen bileran. Herriko festak antolatzen hasia da herritar eta eragile anitz elkartzen dituen bilgunea. Asteazken honetarako (martxoak 4) deitu du bigarren bilera arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. 

Festa egunen kopurua eta epea finkatzearekin batera, lehen proposamen zehatzak ere jasotzen hasi zen Jai Batzordea aurreko saioan. Horiek definitu eta egitaraua osatzen segiko dute hurrengo hilabeteotan: noiz zer ospatu, aurrekontuen lanketa, festa parekideen inguruko lanketa...

Martxoaren 8a
Azken astearteotan egin duten moduan, bihar ere (martxoak 2) "M8 egunero da" taldea 19:00etan bilduko da Potxoenean, Martxoaren 8ko ekimenen inguruko azken antolakuntza lanak bideratzeko. Segidan duzue, hilabete honi begira, Martxoaren 8aren bueltan Usurbilen antolatu den zikloko egitaraua:   

2020ko MARTXOAREN 8A
Otsailak 28-martxoak 31
Lurdes Huetaren argazki erakusketa Artzabal jatetxean.
Antolatzaileak: M8 taldea eta Usurbilgo Udala.

Martxoak 6, ostirala
18:30 
Dantzipuinak emanaldia Sutegin, Ixabel Agirrerasobe kontalariarekin eta Sebastopol dantza eskolako kideekin. Emakumeen inguruko ipuin eta dantzak elkartuta sortu duten emanaldia.
21:00 Bertso-afaria Artzabal jatetxean, Uxue Alberdi, Onintza Enbeita eta Oihana Bartrarekin. Gai-jartzailea: Amaia Agirre. Txartelak: 18 eurotan salgai Artzabal jatetxean, otsailaren 26tik aurrera.

Martxoak 8, igandea
10:00-12:00 Frontoian bilduko gara elkartu eta partekatzeko.
13:00 Manifestazio zaratatsua frontoitik.
Ondoren, tupper/kazuela bazkaria frontoian. Ekarri etxetik bazkaria!
Bazkaloste girotua eta Kafe Tertuliaren showa.
18:00 Eskualdeko manifestazioan izango gara guztiok elkarrekin. Mobilizazioak besteak beste, Hernanin eta Donostian (Bulebarretik).

Martxoak 11, asteazkena
19:00 
Uxue Alberdiren “Jenisjoplin” eleberriaren inguruko euskarazko irakurketa-solasaldia ikuspegi feministatik Sutegi udal liburutegian, Kattalin Miner idazle eta kazetariarekin. Liburuaren aleak aurrez eskuragarri liburutegian.

Martxoak, 13, ostirala
18:30 
Berriaren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketako irabazle Maider Usabiagaren “Bidaia intimo eta gogoangarria Alpeetan barna” solasaldia Sutegi udal liburutegian.

Martxoak 28, larunbata
9:00-14:00 (goizekoa betetzen bada 15:00-20:00 artean bigarren saioa) 
“Jada maitasunagatik sufritzen ez duten emakumeak: autoestimua eta autozaintza feminista” tailerra Coral Herrerarekin Potxoenean (erdaraz). Izen ematea doan, bideotatik:
parekidetasuna1@usurbil.eus/ 943 377 110. 

Antolatzaileak: M8 taldea eta Usurbilgo Udala.