Martxoaren 8a, Haur Eskola edota udal etxebizitzak hartu zituzten ahotan azken udalbatzarrean

Nagusiki etxebizitza eta hezkuntza gaiak jorratu eta arlo hauei lotutako zenbait erabaki hartu zituen udalbatzak, otsailaren 27an egin zuten osoko bilkuran.

Batetik ate joka dugun Martxoaren 8ra begirako erakunde adierazpena onartu zuen aho batez udalbatzak. Udalak politika feministen alde duen konpromisoa berresten duen adierazpen honekin aurreikusten du, “emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorraren bidean aurreratzeko neurri sorta bat garatzea udalerrian, beharrezkoak izango diren baliabide guztiak bermatuz”. Baita emakume zein kolektibo feministei parte hartze bideak irekitzea ere. Subiranotasun feminista aldarrikatzen du erakunde adierazpenak.

Alokairu sozialeko etxebizitzak esleitzeko modu berria
Udalak jabetzan izan eta alokairu sozialera bideratzen dituen etxebizitzen esleipen modua ere aldatzea erabaki zuen udalbatzak aho batez. Orain arte zozketa bidez esleitzen ziren. Aurrerantzean, prozesu honetako parte hartzaileek izena eman beharko dute Udalak sortuko duen erregistroan. Izena eman ostean, zozketa bidez ez, hainbat irizpideren arabera eta puntuazio sistema bidez erabakiko da nori esleitu etxebizitzok. Udalbatzak onarturiko oinarri hauen eta erregistroaren araudia hilabetez egongo da jendaurrean. Alegaziorik ez bada, behin betiko onartutzat joko dira epe hau igaro ostean.

Hitzarmen luzatzea
Usurbilgo Udalak eta Udarregi Ikastolak 2008an 12 urterako sinatu zuten hitzarmena urte honetako abuztuan amaituko da. Hitzarmen honetan aurreikusia dago alde bakarrez hitzarmena beste urtebetez luzatzeko aukera. Udal gobernu taldeak ordea, ikastolarekin batera hitzarmena urtebetez luzatu eta bitartean, berria lantzen hastea proposatu zuen otsailaren 27ko udalbatzarrean. Gehiengo osoz onartu zen, EHBilduren aldeko bozkekin. PSE eta EAJ abstenitu ziren.

Hezkuntza gaiei lotutako beste erabaki bat ere hartu zuen udalbatzak. Usurbil, "OinHerri" herri hezitzaileen sarean txertatzea, EHBilduren eta PSEren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu zen. Hezkuntzako herri eragile desberdinen artean sor daitezkeen proiektu bateratuak sustatzeko bidea jorratzea bultzatuko da egitasmo honen bueltan, beste herrietako esperientziak ezagutu eta gure artera ekartzeko aukera eskainiko du baita. 

Ezohiko udalbatzarra
Hurrengo udalbatzarra ezohikoa izango da; datorren astelehenean, martxoaren 9an 18:00etan. Ezohiko izaera izango duen saio hau deitzea erabaki dute, apirilaren 5eko Eusko Legebiltzarra berritzeko hauteskundeak direla eta. Hauteslekuetako mahaikideen zozketa egingo dute.