Martxoaren 8ko azken antolaketa lanak borobiltzeko bilera irekia 19:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 3a, 10:17

Igandean kaleak hartzeko deia egina du Usurbilgo "M8 egunero da" taldeak. Dagoeneko egitaraua osatua du. Astearte honetan deitu duen bilera irekian borobilduko ditu azken antolaketa lanak.

Badator Martxoaren 8a, bost egun baino ez Emakumeen Egunerako. Azken prestaketa lanak bideratzeko bilera irekia deitu du astearte honetarako (hilak 3) 19:00etan Potxoenean, "M8 egunero da" taldeak. Dagoeneko osatua dute iganderako egitaraua. Iazkoaren ildo beretik egin dute aurtengorako proposamena. Martxoaren 8rako oraingoan ez dago greba deialdirik baina bai egun osoko ekintza eta mobilizazioak.

Goizerako hausnarketa eta partekatze saioa deitu dute frontoian, eguerdian manifestazio zaratatsua herrian barrena. Norberak eramandako otorduarekin bazkaria gero frontoian. Eta bazkalostean, Usurbilgo kafe-tertulia feminista taldeak prestaturiko girotze ekitaldia.

Arratsaldean Gipuzkoako hiriburuan nahiz eskualdeetan deitu diren mobilizazioetara batera joateko deialdia egin du "M8 egunero da" taldeak. Hitzordu guztiokin, iazko greba feminista egunez egin bezala, kaleak hartu, elkarrekin egon eta ezagutzera deitu dituzte emakumeak. Iazko planto historikoaren jarraipena izatea nahi dute igande honetako Martxoaren 8a:

2020ko MARTXOAREN 8A
Otsailak 28-martxoak 31
Lurdes Huetaren argazki erakusketa Artzabal jatetxean.
Antolatzaileak: M8 taldea eta Usurbilgo Udala.

Martxoak 6, ostirala
18:30 
Dantzipuinak emanaldia Sutegin, Ixabel Agirrerasobe kontalariarekin eta Sebastopol dantza eskolako kideekin. Emakumeen inguruko ipuin eta dantzak elkartuta sortu duten emanaldia.
21:00 Bertso-afaria Artzabal jatetxean, Uxue Alberdi, Onintza Enbeita eta Oihana Bartrarekin. Gai-jartzailea: Amaia Agirre. Txartelak: 18 eurotan salgai Artzabal jatetxean, otsailaren 26tik aurrera.

Martxoak 8, igandea
10:00-12:00 Frontoian bilduko gara elkartu eta partekatzeko.
13:00 Manifestazio zaratatsua frontoitik.
Ondoren, tupper/kazuela bazkaria frontoian. Ekarri etxetik bazkaria!
Bazkaloste girotua eta Kafe Tertuliaren showa.
18:00 Eskualdeko manifestazioan izango gara guztiok elkarrekin. Mobilizazioak besteak beste, Hernanin eta Donostian (Bulebarretik).

Martxoak 11, asteazkena
19:00 
Uxue Alberdiren “Jenisjoplin” eleberriaren inguruko euskarazko irakurketa-solasaldia ikuspegi feministatik Sutegi udal liburutegian, Kattalin Miner idazle eta kazetariarekin. Liburuaren aleak aurrez eskuragarri liburutegian.

Martxoak, 13, ostirala
18:30 
Berriaren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketako irabazle Maider Usabiagaren “Bidaia intimo eta gogoangarria Alpeetan barna” solasaldia Sutegi udal liburutegian.

Martxoak 28, larunbata
9:00-14:00 (goizekoa betetzen bada 15:00-20:00 artean bigarren saioa) 
“Jada maitasunagatik sufritzen ez duten emakumeak: autoestimua eta autozaintza feminista” tailerra Coral Herrerarekin Potxoenean (erdaraz). Izen ematea doan, bideotatik:
parekidetasuna1@usurbil.eus/ 943 377 110. 

Antolatzaileak: M8 taldea eta Usurbilgo Udala.